Zerbitzari bizkorrenaren bila
Uda badator, eta haren iritsierarekin Donostiako zerbitzariak korrika ibiliko dira tabernetako terrazetan, bezeroen eskakizunak asetu nahian. Edariak bizkortasunez eramateko zuten ahalmen hori erakusteko lasterketak egiten zituzten lehen.
Zerbitzarien lana ez da batere erraza. Izan ere, mozkorren hitzaldi amaigabeak, bezero batzuen lotsagabekeriak eta nagusi batzuen gehiegikeriak aguantatzen dituzte, eta gainera, gaizki ordaintzen diete askotan. Hori gutxi balitz, garai batean oso ohikoak izan ziren zerbitzari lasterketak egiteko umorea eta indarra gelditzen zitzaien oraindik.
Arrautza eta koilararen lasterketak bezain klasikoak dira zerbitzarienak, eta edariak alde batetik bestera bizkor eramateko duten abilezia erakustea dute helburu. Arauak sinpleak dira: edariak daramatzan erretilua esku bakarrarekin eta azpitik heldu behar da, edariek osorik iritsi behar dute helmugara eta zerbitzari uniforme klasikoa eraman behar da.
Ezagunena Parisko lasterketa da, XX. mendearen hasieratik urtean behin herritarren entretenimendurako egiten dutena, baina munduko beste hainbat hiritan ere egin izan dituzte halako probak, hala nola, Bruselan, Jerusalemen, Hong Kongen, Buenos Airesen eta, nola ez, Donostian. Argazkikoa, esaterako, 1920ko hamarkadako Donostiako zerbitzari lasterketa bat da, Santa Katalina zubitik pasatzen ari zen unekoa.
Intxaurrondo Zaharreko jaietan eta Amarakoetan ere egiten zituzten XX. mendearen lehen erdialdean zerbitzari lasterketak, eta arrakasta handia izaten zuten. Hala ere, ez da joan den mendeko kontua soilik, 2016an eta 2017an Amarako jaietan ere egin baitzituzten halako lasterketak, auzotarren ikusmina sortuz.