31. Bideoaldia egingo dute ostegunean Viktoria Eugenia antzokian
Duela bost urte Bideoaldia Larrotxenetik hiriaren erdialdera eramateko apustua egin zuen Donostia Kulturak. Ostegunean, 31. Bideoaldiaren emaitzak eskainiko dituzte Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.
31 urtetan Larrotxene kultur etxeko zine eta bideo ikastaroetatik lan asko ekoiztu dira. Dagoeneko ia 500 ekoizpen dira, eta lagundutako koprodukzioak ehunka dira.
Azken ikasturtean 20tik gora koprodukzio eta 10 produkzio landu dituzte eta horien aukeraketa bat eskainiko dute: Andoni de Carlosek irakasten duen Gidoigintza Hastapena ikastaroan landutako A Escondidas (Valerie Quirogak zuzendutako fikzioa); Michel Gaztanbideren Gidoigintza Aurreratua ikastaroan landutako Ceres Revelada (Patxi Razquinek egindako fikzioa), Stalingrado (Amaia San Sebastianek egindakoa) eta Un Dia Especial, Juanmi Gutierrezen lan berezia.
Bestalde, Pablo Maloren ikasleek La Primera Vez zuzendu dute zine zuzendaritza ikastaroaren barruan (Andres Robleda da zuzendaria), eta Ander Iriartek Fikzio Zuzendaritza ikastaroa eskaini du eta ikastaroko ikasleek zuzendutako Multiversos film laburra ikusgai izango da. Azkenik, Oskar Tejedorrek gidatutako Dokumentalgintza ikastaroan landutako hainbat dokumental ikusi ahalko dira: No vemos, no oimos, no nos movemos (Jose Luis Bakaikoa), Hazia (Vanessa Aranburu), Aliados (Joana Aduriz eta Mila Marrondo) eta Identidad (Segis Monso).
Programa osatzeko, bere garaian Larrotxenen Juanmi Gutierrezek egindako Sombras film laburra ikusteko aukera egongo da hari eskaini nahi dioten omenaldi bereziaren adierazle. Juanmi Gutierrez Larrotxeneko lehenengo ikus-entzunezko irakaslea izan zen. Irakaskuntzan eta dokumentalgintzan oso konprometitua, urte asko eman zituen Larrotxeneko motorra izaten.