Ttonttorroren zain daude Igeldoko San Pedro jaiei hasiera emateko

San Joan suaren inguruan dantza egin ostean, ostiralean emango diote hasiera ofiziala Igeldoko San Pedro jaiei. Ttonttorro astoaren igoerarekin batera lehertuko dira festak uztailaren 2ra bitarte. Adin tarte guztietarako egitaraua prestatu dute, eta eurek adierazi dutenez ez dute aspertzeko denborarik izango.
Ohiko jarduerak izango dituzte jaiek. Hala nola, euskal dantza emanaldia, herri kirolak, dema, Umore Horiya, su artifizialak, umeen eguna, eta kontzertuak. Berrikuntzak ere egongo dira. Batetik, eskaintza gastronomiko ederra izango da festa osoan zehar, bertako produktu eta parrilladarekin. Eta bestetik, askotariko kontzertuak egongo dira: Rukula, Herenegun, Illuntzean, Trikidantz… Kontzertu horiek plazan izango dira, baina bigarren gune bat ere prestatuko da Dj-en emanaldiekin eta gau kubatarrarekin, besteak beste. Bestalde, San Pedro egunean bazkaria egingo dute paella lehiaketa baliatuz: Deseredatun bazkaria. Umeen egunean, aldiz, puzgarriak jarriko dituzte.
Hona hemen egitaraua, egunez egun:
Ekainak 28, ostirala
- 16:30. Euskal Dantza emanaldia, Ieltxoko ikasleen eskutik.
- 18:00. Haurren pilota-partiduen finalak.
- 19:30. Ttonttorro txiki eta Ttonttorroren igoera urezko zezen eta buruhandiek lagunduta animatu, txikiak, zuen trikitixa eta panderoak astintzera! Ondoren Lezkarriren emanaldia eta poteoa Antigua Band txarangarekin.
- 23:30. Kontzertu mundialak Rukula eta Herenegun taldeen eskutik. Ondoren Dj Piku izango da 2. gunean.
Ekainak 29, larunbata: San Pedro eguna
- 11:00. Hamaiketakoa. Din-Din-era inguratzen den igeldotar ororentzat
- 12:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Xabier Orbegozo eta Aritz Aspiazu / Arkaitz Jauregi eta Oier Kañamares. Trontzan: Jon Lizarazu eta Iñaki Enbil / Mikel Altuna eta Unai Lizarralde. Lokotxak: Angel Altuna eta Arantxa Txintxurreta / Gari Galarraga eta Intza Etxeberria.
- 14:00. San Pedro jaietako prozesioa eta paella lehiaketa. Lehiaketan parte hartzeko, talde bakoitzak izena eman beharko du. Txapelan egongo da zerrenda. Azken eguna, ekainak 27. Bazkariko txartelak Txapelan egongo dira salgai, 12 euroan. Azken eguna, ekainak 27.
- 18:00. Umore horia. Aurten ere umorez betetako jolas berriak izango ditugu!!! Animatu eta parte hartu!
- 19:30. Kalejira txikia, urezko zezena eta buruhandiekin. Animatu, txikiak, zuen trikitixa eta panderoak astintzera!
- 20:00. Esku pilota partida ikusgarria: Ojuel eta Lizeaga / Santxo eta Urruzola.
- 22:00. Idi-dema. Patxi Illarreta eta Ignacio Olidenen idiak arituko dira elkarren aurka 2000kg-ko harriarekin.
- 00:00. Gaupasa. Illuntzean taldearekin eta ondoren Trikidantz plazan. Gau Kubatarra eta Dj X deMixta izango dira 2.gunean.
Ekainak 30, igandea
- 11:00. Bolo-lehiaketa eta erakustaldia.
- 12:30. Patata-tortila lehiaketa.
- 13:00. 3. San Pedrotako oliba jaitsiera txapelketa.
- 17:30. Toka herrikoia. Apuntatzeko epea ordu erdi lehenago irekiko da. Behin lehia hasita ezingo da izenik eman.
- 17:30. Umeen toka herrikoia.
- 19:00. Kalejira txikia, urezko zezena eta buruhandiekin. Animatu, txikiak, zuen trikitixa eta panderoak astintzera!
- 19:30. Bertso-saioa. Bertsolariak: Iker Zubeldia, Eli Pagola, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze.
- 22:45. Su artifizialak.
- 23:30. Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik.
Uztailak 1, astelehena: Haurren eguna
- 10:00. Kedada: Zapia lepora eta etorri Kaxkora! Ondoren, Puzgarri festa erraldoia. Eguraldiak laguntzan badu denok urarekin freskatzera.
- 14:00. Bazkari Herrikoia Igeldoko umeentzat.
- 16:00. Ipuin kontalaria: Non da elefante gorria?
- 17:30. Merienda goxua egunarekin jarraitzeko.
- 18:00. Eusko Got Talent! Ondoren, Kalejira txikia, urezko zezena eta buruhandiekin. Animatu, txikiak, zuen trikitixa eta panderoak astintzera!
- 20:30. Eskeko kuadrila elkartuko da afaltzeko.
Uztailak 2, asteartea: Santa Ixabel eguna
- 17:00. Kanika-lehiaketa.
- 18:30. Santa Isabel eskearen amaiera, herritarren parte-hartzearekin.
- 20:00. Kalejira txikia, urezko zezena eta buruhandiekin. Animatu, txikiak, zuen trikitixa eta panderoak astintzera!
- 20:30. Ttonttorro txikiren jetsiera.
- 22:00. Zaldi-dema. Itxaso Arrutiren eta Talaia jatetxeko abereak arituko dira elkarren aurka 1000kg-ko harriarekin.
- 23:00. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
- 23:30. Irrintzi-lehiaketa.
- 00:00. Aurresku Herrikoia eta Ttonttorroren jaitsiera. Ondoren Izer eta Alabier-rekin emango diegu amaiera festei.