Donostiako Udalak milioi bat euroko aurrekontua onartu du lankidetza eta hezkuntza proiektuetara bideratzeko
Hainbat erakundek eta elkartek aurkeztutako sentsibilizazio, elkartasun eta hezkuntza proiektuei laguntzeko diru laguntza onartu du Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak, Duñike Agirrezabala Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak proposatuta. 1.005.354 eurokoa da onartutako diru laguntza, eta bi jarduera eremu izango ditu: gizartea eraldatzeko sentsibilizazioa eta hezkuntza eta garapenerako lankidetza.
301.606 euro bideratuko dira lehen jarduera eremura, non Alboan Fundazioaren, Emaus Fundazioaren eta Medicus Mundi erakundearen proiektuak dauden, besteak beste. Hiritarron bizimoduak beste toki eta komunitate batzuetan duen eraginaz kontzientziatzea dute helburu proiektu horiek. Hauek dira udalak bultzatuko dituen egitasmo horietako batzuk: kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko programak, elikadura burujabetza elkarte gastronomikoetan, emakumeenganako indarkeriarik gabeko bizitza bati buruzko programak eta bazterketari, mugei eta militarizazioari buruzko kontzientziazioa.
Bigarren jarduera eremuari dagokionez, 703.748 euro bideratuko ditu udalak Calcuta Ondoan, Mundubat eta Mugen Gainetik elkarteek aurkeztutako proiektuetarako, besteak beste. Proiektu horietako batzuk dira genero-berdintasunerako programak El Salvadorren eta Indiaren hegoaldean, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko programak Bangaloren eta berdintasuna eta ahalduntzea Palestinako lurralde okupatuetan eta Nikaragua, Kolonbia, Bolivia nahiz Peruko zonalde batzuetan.