ETAk Begoña Urroz hil ez zuela onartu du Espainiako Gobernuak
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioak argitaratutako txostenak dio 1960an 20 hilabeteko haurra hil zuen bonba DRILek jarri zuela.
Gaizka Fernández historialariak eta Manuel Aguilar dokumentalistak idatzitako Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz izeneko txostena aurkeztu dute gaur Koldo Mitxelenan, Begoña Urrozen hilketaren inguruko informazioarekin. 20 hilabeteko haurra 1960ko ekainaren 28an hil zen, egun bat lehenago Amarako estazioan lehertutako bonba batek eragindako kalteen ondorioz, eta orain arte, Espainiako Gobernuak ETA jo du ekintza armatu horren erantzuletzat. Txosten berriak, ordea, bonba hura jarri izana DRIL (Askapenerako Iberiar Direktorio Iraultzailea) talde armatuari leporatu dio.
Txostena argitaratu duen zentroa Espainiako barne-arazoetako ministerioarena da, eta onartu berri duen informazioak gobernu espainolek urteetan zehar babesturiko bertsioa ezeztatzen du. ETAk ez zuen sekula ekintza armatu horren autoretza onartu, eta 1960 urteaz geroztik hainbat izan dira bonba hura jarri zuena DRIL izan zela seinalatu duten ahotsak. Txostena bi urteko ikerketari esker osatu ahal izan dute egileek, Espainiako eta Portugaleko artxibategiak arakatu ostean.