Ikasturteko azken literatur solasaldia egingo dute Maddi Zubeldiarekin
Egiako literatur solasaldien bigarren denboraldia amaitzear da. Bihar, ekainaren 26an, egingo dute azken saioa Egiako Plaza Haundin. Jakinarazi dutenez ez da ohiko saioa izango, izan ere, Maddi Zubeldia idazle, kantari eta irakaslea gonbidatu dute azken solasaldira. Euskal literatura goza! literatur solasaldi programaren barruan eta Edu Zabalaren gidaritzapean, hilean behin, euskarazko liburu baten inguruan aritu dira irakurle ugari, eta Zubeldiaren Deserria haurtzaro liburuarekin joko dute amaitutzat ikasturtea.
Hilabetean behin bildu dira solaskideak irakurzaletasuna bultzatu eta euskarari presentzia emateko. Saioak Amara Berriko Ikasbide kultur elkartean eta Egiako kultur etxean egin dituzte, eta azkena berezia izango da, plazara aterako direlako: “Plazara jotzen dugu auzoari, auzokideei euskal kultura eta euskal literatura bizirik daudela erakuste, eta izan bagarela adierazteko”.
Irailean hasi zituzten solasaldiak, eta hamaika liburu irakurri dituzte hilabete horietan: Alberto Irazuren Rocka puntua, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia, Joseba Sarrionaindiaren Kolosala izango da eleberria eta Lapur banden etika ala politika saiakera, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana, Nerea Arrienen Hirutter, Koldo Izagirreren Euskararen historia txikia, Virginie Despentesen King Kong teoria, Juan Kruz Igerabideren Labur txintan, eta Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro.