Napardeath pelikula proiektatuko dute Txantxarrekan ostiralean
Ataun of The Dead trilogiaren azken atala maiatzean aurkeztu zuten Antzoki Zaharrean, 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko kartelarekin batera, eta geroztik, Napardeath filmak egundoko arrakasta izan du ikusleen artean. Euskal Herrian zehar eginiko birari jarraituz, pelikula xelebrea bigarren aldiz proiektatuko dute Donostian, Antiguako Txantxarreka gaztetxean, Grillos Navajeros kolektiboaren eskutik.
Ekitaldi berezia izango da, gaztetxea apaindu eta girotzeaz gain, antolatzaileek hainbat sorpresa izango dituztelako ikusleentzat. Horien artetik, nabarmenena Grillos Navajeros taldeak sortu duen Napardeath bideo-jokoaren aurkezpena izango da (19:00etan). 20:00etan, triologia osatzen duten lehenengo bi filmak proiektatuko dituzte, Ataun of the dead (2012) eta Joxean’s Hil Eben (2014), eta atsedenaldi labur baten ostean, berriz, Napardeath proiektatuko dute, 21:30ak aldera. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da.