Akordioa lortu dute Garbialdirekin epaitegi eta ertzain etxeetako garbitzaileek

Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek bertan behera utzi dute duela bederatzi hilabete hasitako greba. Garbialdi enpresarekin akordioa sinatu zuten atzo gauean, eta lan baldintzak hobetuko dituzte.
Akordioaren arabera, kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala %70 murriztuko zaie epaitegietako eta ertzain etxeetako garbiketa langileei. Bestalde, Garbialdik aitortu die baldintza toxiko eta lan nekarrietan aritzen direla; ondorioz, soldata osoaren %20 besteko plus bat izango dute.
Azken hilabeteetako mobilizazioetan eskaera asko egin dituzte garbitzaileek. Esaterako, kale garbitzaileen aldean jasaten duten soldata arrakala ezabatzea. ELA sindikatuak salatu duenez, gaur egun eraikin judizialetako langileek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazten dute, eta polizia etxeetakoek, %13 gutxiago. Kalekoen aldean, epaitegietakoa eta ertzain etxeetakoa “sektore feminizatuagoa” dela nabarmendu du sindikatuak: %95 dira emakumeak —kalean, %80 gizonak—.