Tantaz Tanta Ozeanoa proiektuan hartu dute parte Donostiako hainbat haur eta gaztek

Giza hondakinak direla eta itsaso eta ozeanoak gero eta kaltetuagoak daudela ikusita, ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetzeko Tantaz Tanta Ozeanoa proiektua egin dute Donostian. 2018ko azaroan jarri zuten proiektua martxan, eta pasa den maiatzean amaitu zuten. Amara Berriko, Egiako, Groseko eta Martuteneko haurtxoko eta gaztelekuek eta Aieteko, Bidebietako eta Intxaurrondoko haurtxokoek hartu dute parte proiektuan.
Gizarteari ekarpen bat egitea eta haur eta nerabeek hainbat ikaskuntza barneratzea zuen helburu proiektuak. Horregatik, giza jarduerek itsaso eta ozeanoetan duten eraginaren hausnarketa egin dute; plazen, hondartzen eta ibaien garbiketa saioak egin dituzte eta baita gizarte sentsibilizatzeko ekintzak ere.