Bi triatloi proba egongo dira Donostian asteburuan
11. Emakumeen Triatloia eta 34. Onditz Oroituz proba egingo dituzte asteburu honetan Donostian. Larunbatean, ekainaren 29an, izango da lehena, 15:00etatik aurrera, eta 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro korrika egin beharko dituzte parte-hartzaileek. 350 emakumek eman dute izena aurtengo proban, iaz baino %12,2 gehiago.
Bigarrena, aldiz, igandean, ekainaren 30ean, izango da 9:15etik aurrera. 690 pertsonek eman dute izena Onditz Oroituz proban, eta horietako 86 emakumeak dira. Atzerriko triatleta askok hartuko dute parte, hala nola, Australiatik, Frantziatik eta Txiletik etorritako batzuek. Parte-hartzaileek 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika egin beharko dituzte.
Udalarekin batera, Donostiako Atletiko da proba hauen antolatzailea, eta aurten edalontzi konpostagarriak erabiliko dituztela nabarmendu dute klubeko Edurne Martinezek eta Ander Eizagirrek. Era berean, boluntarioen lana azpimarratu dute Atletikoko arduradunek. Martin Ibabek, Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak, kirol jardueretan emakumeen presentzia gero eta nabariagoa dela adierazi du: “Urtetik urtera, Donostian ospatzen diren kirol jardueretan emakumearen presentzia handitzen doa. Eta igoera horretan, Donostiako kirol elkarteek egiten duten lana azpimarratzekoa da. Izan ere, gure filosofiarekin bat egiten du, hau da, emakumeen kirola sustatzen jarraitzeko filosofiarekin”.