Bizikletak aparkatzeko 180 plaza gehiago jarriko ditu Donostiako Udalak hondartzetan
Ekainaren 6tik erabilgarri daude 135 plaza berri: 108 plaza Zurriola hondartzan –54 kai muturrean eta beste 54 Kursaalaren inguruan– eta 27 plaza Kontxako hondartzan, Mirafloresko Markesaren kalean. Udalaren arabera, “egun batzuk barru” 162 izango dira erabilgarri egongo diren plaza berriak, Ondarretan beste 27 jarriko dituzte eta. Uztailean, Antiguako tuneleko lanak amaitu ondoren, inguru horretan ere aparkaleku berriak jarriko dituzte, horrela 180 plazetara iritsiz. Aparkaleku bakoitzak bederatzi bizikleta uzteko lekua dauka.
Pilar Aranak, Donostiako Udaleko Mugikortasuneko zinegotziak azaldu duenez, aparkaleku horiek “ordu batzuetan erabiltzeko” daude pentsatuta, eta “gehienez 12 orduz” erabili ahal izango dira. Bestalde, aparkaleku berrien sistema “iraunkorra” izango dela nabarmendu du: “Sistema hau iraunkorra izango da hirian, zuzkidura finkoa areagotuz”.
Horrekin batera, udalak gogoratu du “hiriko bizigarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko” arau batzuk daudela, eta mugikortasun agenteek arau horiek betetzea kontrolatuko dutela. Arau urraketen ondorioz ezarriko dituzten isunak goiz ordaindu ahal izango dituzte herritarrek, arau haustea egin den egunetik aurrera, hurrengo bigarren astelehen goizean, hain justu. Bestalde, honakoak dira arau horiek urratuz gero ezarriko dituzten zigor ekonomikoak:
- Bizikletarekin espaloitik joatea: Arau hauste arina, 50 euro. Goiz ordainduz gero, 22 euro.
- Bizikletan argi gabe eta txirrinik gabe joatea: Arau hauste arina, 50 euro. Goiz ordainduz gero, 22 euro.
- Bizikletan joanda, aurikularrak jarrita eramatea: Arau hauste arina, 200 euro. Goiz ordainduz gero, 97 euro.
- Bizikletan joanda, mugikorretik hitz egiten joatea: Arau hauste arina, 200 euro. Goiz ordainduz gero, 97 euro.