Etxeko langile migratzaileen egoeraren inguruko ikerketa bat plazaratu du SOS Arrazakeriak

SOS Arrazakeriak etxeko langile migratzaileen egoera aztertzeko ikerketa bat egin du, emakume horien egoera sozio-laborala eta pairatzen dituzten diskriminazioak ikertzeko helburuarekin. Maitane Arnoso eta Jone Urionaguena izan dira ikerlanaren egileetako bi, eta gaur goizean aurkeztu dituzte emaitzak, Emakumeen Etxean. Ikertzaileak SOS Arrazakeriako kideak dira, eta EHUko Gizarte Psikologiako Sailera adskribatuta daude. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaritzaren laguntzaz garatu dute.
Gipuzkoako hainbat herritako emakume migratzaileak elkarrizketatu dituzte; hain zuzen, 138 elkarrizketa kuantitatibo eta 9 kualitatibo egin dituzte. Halaber, bertako 30 emakume langile elkarrizketatu dituzte ere, konparaketa egiteko: “ikerketa honetan enfasi berezia jarri dugu langile horien jatorrian, izan ere, lan baldintzetan eragin zuzena du horrek”. Urionaguenak jakinarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan 115.559 pertsonak behar dutela egun laguntza egunerokotasuneko jarduerak egin ahal izateko, eta horiek zaintzeko ardura nagusia emakume migratzaileei egokitzen zaiela. Erakunde publikoen betebeharrak emakume horien gain jartzen ari direla salatu dute: “Europako estatu askok emakume migratzaile horiengan sostengatzen dituzte gizartearen zaintza beharrak, gero eta politika publiko erkinagoak egiten dituzten bitartean”.
Etxeko langileek etxebizitza pribatuetan egiten dute lan, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen, eta horien ongizatea bermatzen. Pertsona horietako askok 24 orduko zaintzak behar dituztela azaldu dute. Elkarrizketatuen %37,7ak barne-langile gisa ari dira lanean, eta %28,3ak lanaldi osoan egiten du lana. Bertako langileen artean ez dago barne-langile gisa lan egiten duenik. Langileen gehiengoak etxebizitza bakarrean egiten du lan, eta %23,3ak 2 edo 3 etxebizitzatan egiten du lan. Kontratuari dagokionez, erdiek kontratua dute lan egiten duten etxebizitza guztietan, eta %49,5ak baieztatu du inoiz kontraturik gabe lan egin izan duela.
Langileen lan baldintzak ere aztertu dituzte, eta soldatari dagokionez, batez beste 600-800 euro jasotzen dituztela ikusi dute, batzuek enplegu bat baino gehiago izan arren. Soldata baxuez gain, lan baldintzen duintasun falta adierazi dute. Esaterako, hamarretik lauk ez dute oporretako ordainsaririk jasotzen, eta hamarretik seik adierazi dute ez dutela gaixotasun bajarik hartzeko aukerarik izaten. Arnosok azaldu duenez langileen formakuntza akademikoa erdi-altua izan arren, emakume horiek ez dute kualifikatutako lanetara sartzerik izaten, izan ere, euren jatorrizko herrialdeetan egindako ikasketak homologatzeko zailtasun ugari izaten dituzte.
Ikerketak agerian utzi ditu etxeko langile migratzaileek pairatzen dituzten jazarpen eta diskriminazio egoerak. “Bi kasuetan aurkitu ditugu jazarpen egoerak, baina alde nabarmena dago bien artean”, azaldu du Arnosok. Emakume migratzaileen artean, esaterako, hamarretik lauk mehatxuak, sexu-insinuazioak eta ahozko tratu txar matxistak pairatu dituzte. Era berean, jazarpen eta diskriminazio arrazistak ohikoak direla erakusten du ikerketak.
Etxeko langileen aldarrikapenak
Arnoso eta Urionaguenak, etxeko langileen izenean, hainbat aldarrikapen plazaratu nahi izan dituzte: “Une honetan, jakina denez, etxeko langileak euren lan postuetan daude, eta ezin dute hemen egon. Horregatik euren aldarrikapenak guk azalduko ditugu”. Alde batetik, erakunde publikoei gomendatu diete zaintza lanak ikusarazteko kanpainak egitea, eta bereziki, sektoreko langile atzerritarrei euren eskubideen berri emateko, eta langile horien zerbitzuak kontratatzen dituztenei euren betebeharrak gogorarazteko. Beste aldetik, zaintza lanetan dabiltzan langileen lan baldintzak ikuskatzeko betebeharra exijitu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, 2017ko abenduaren 12ko foru-dekretuak horretara behartzen baitu.