Literatur solasaldien azken saioa egin dute Egian, Maddi Zubeldiarekin

Maddi Zubeldia idazle, abeslari eta irakaslearen akordeekin eman diote amaiera literatur solasaldien ikasturteari. Atzo arratsaldean egin zuten Euskal literatura goza! literatur solasaldi programaren azken saioa Egiako Plaza Haundin. Edu Zabalaren gidaritzapean, hilean behin, euskarazko liburu baten inguruan aritu dira irakurle ugari, eta Zubeldiaren Deserria haurtzaro liburuarekin jo dute amaitutzat ikasturtea. Ez zen ohiko saio bat izan atzokoa, izan ere, gonbidatu berezi bat izan zuten: Zubeldia bera. Parte hartzaileek idazlearekin solasean aritzeko aukera izan zuten, baita bere musika entzuteko ere.
Hilabetean behin bildu dira solaskideak irakurzaletasuna bultzatu eta euskarari presentzia emateko. Saioak Amara Berriko Ikasbide kultur elkartean eta Egiako kultur etxean egin dituzte, eta azkena berezia izan da, plazara atera direlako: “Plazara jotzen dugu auzoari, auzokideei euskal kultura eta euskal literatura bizirik daudela erakuste, eta izan bagarela adierazteko”.