Azkenekoak izango balira bezala gozatzen dute
Diotenez, Zipotz jaietako egunik bereziena euskal jaiena da. Azken egunean ospatzen dute, eta giro polita sortzen dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. Izan ere, egunak aurrera joan ahala, festa giroa ere berotzen da. Gainera, jada auzoan bizi ez diren festazaleak ere etorri ohi dira, eta beraz, betiko lagunekin elkartzeko eguna ere bada.
Artisau azokarekin eta marmitako txapelketarekin esnatzen da auzoa, eta berehala murgiltzen da jai giroan. Sagardo dastaketa, herri kirolak, tortilla lehiaketa… Herri bazkarian txapelketako marmitakoa dastatzen dute, eta kantuan bukatzen dute. Arratsaldean, haurrentzako gune bihurtzen da Katalunia plaza, tailerrak eta beste hainbat ikuskizun prestatzen dituzte. Bitartean, auzoko tabernetan joko poteoa egin ohi da, eta bukaeran, haurrekin batera talde argazkia egiten dute. Holi festa eta zezensuzkoarekin gozatu ondoren, berbenan dantza egiteko momentua iristen da. Agertoki gainean bukatzen dute denek elkarrekin zipotzetako abestia kantatzen. Horrela agurtzen dituzte jaiak, azkenekoak izango balira bezala gozatzen.