Belaunaldien arteko zubiak eraikitzen
Amassorrain ikastolako 6. mailako ikasleek ikasturteko lanaren emaitza jaso dute 'Hariak sortzen' erakusketan.
Ahozko ondarea berreskuratzen ari dira Añorgan. Amassorrain ikastolako haurrek hartu dute horren ardura azken ikasturtean. Hain zuzen ere, LH6 mailako ikasleek Añorgako hainbat pertsona elkarrizketatu dituzte euren testigantzak jasotzeko. Elkarrizketa guztiak bideoz grabatu dituzte, eta ikastolako aldizkarian ere argitaratu dituzte. Prozesu guztiaren emaitza Museum Cemento Rezolan ikus daitekeen Hariak sortzen erakusketan jaso dute. Hilaren 13an aurkeztu zuten, eta uda osoan egongo da ikusgai.
Amassorrain ikastolak bigarren urtez garatu du egitasmoa, eta Añorgatarrak ikerketa proiektuaren barruan dago. 2010ean sortu zuen proiektua Museum Cemento Rezolak Añorgako herritarren lankidetzarekin batera. Bide horretan, ikasleek ere euren ekarpena egitea garrantzitsua dela dio Adrian Perez Amassorrain ikastolako irakasleak: «Belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko eta harremanak sakontzeko balio du».
Egindako lanketaren esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzako. «Erantzukizuna izan dute Añorgako ahozko ondarea berreskuratzeko. Prozesua polita, gogorra eta emankorra izan da. Ikasleak sentsazio onarekin geratu dira, eurek egindako proiektua delako», dio Perezek. Pertsonaiak aukeratu, galderak prestatu eta elkarrizketak egin dituzte. «Buru-belarri aritu dira».
Testigantza berriak
Añorgako ahozko ondarearen artxiboa osatzen jarraitzeko Amassorrain ikastolako ikasleek hainbat herritar elkarrizketatu dituzte: Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Amaia Llorente Rezola museoko koordinatzailea, Mertxe eta Mari Karmen auzoko gozoki dendako langileak, Jokin eta Nerea Arkaitz dantza taldeko dantzariak, eta Miguel ogi banatzailea.
Ikasturtean zehar egindako elkarrizketa guztiak bideoen bidez jaso dituzte, eta horiekin ikus-entzunezko lan bat osatu dute. Museoan elkarrizketa guztien 30 minutu inguruko laburpen bat ikus daiteke, gainerako elementuekin batera. Zehazki, aurten, nobedade gisara, ikasleak izan dira erakusketako paneletako testuak idatzi dituztenak.
«Oso polita da Añorgako aitona-amonak joatea erakusketa ikustera. Garrantzitsua da belaunaldien arteko harremana sendotzeko», adierazi du Perezek. Era berean, Añorgako kultur eragileen arteko elkarlana beharrezkoa dela uste du. «Añorgako herri izaera mantentzeko ezinbestekoa da».