Donostiako Udalak LGTBI+ Harrotasunaren Egunarekin bat egin du, adierazpen instituzional baten bidez
19:00etan hasiko da Donostiako LGTBI+ Harrotasunaren Eguneko manifestazioa Bulebarretik, eta udalak bat egin du komunitate horren aldarrikapenekin. Goizean egin dute agerraldia udaleko alderdi guztietako hainbat zinegotzik, eta adierazpen instituzionala aurkeztu dute. Honako bederatzi puntu hauek hartu ditu bere gain udalak:
- Giza eskubideen unibertsaltasun printzipioaren aldeko gure konpromisoa adieraztea, aniztasuna sustatuz, diskriminazioa jazarriz, halakoak justifikatzeko era guztietako balio ideologiko, kultural, tradizional edo erlijiosoei egindako deiak gaitzetsiz, eta eskura ditugun bitarteko guztiak ipiniz diskriminazio hori errotik desagerrarazteko.
- Konprometiturik jarraitzea pertsona guztien berdintasunezko etorkizun baten aldeko borrokan, edozer dela ere pertsona horien sexu eta/edo genero nortasuna, genero adierazpena edo sexu orientazioa.
- Gogor gaitzestea edozer indarkeria mota, fisikoa zein hitzezkoa, baita sexu orientazioan, sexu eta/edo genero nortasunean eta genero adierazpenean oinarritutako umiliazioak eta gutxiespenak ere.
- Hainbat urtetako Europako politika bat prestatzeko eta aplikatzeko eskatzea LGTBI+ pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko, arreta berezia eskainiko diona sexu orientazioan eta genero nortasunean oinarritutako diskriminazio anizkunari eta indarkeriari.
- LGTBI+ pertsonei eta pertsona horiek jasotzen duten indarkeriari buruzko datu egokiak eta alderagarriak aldian-aldian jasotzeko mekanismo formalak edukitzeko beharra aldarrikatzea, Europako Parlamentuan onartutako ebazpenen ildotik, gure hiriko egoerari buruzko diagnostiko bat egin ahal izateko, eta, hala, identifikatu ahal izateko zein diren gure egiazko premiak, udal politikak haietarantz bideratu ahal izateko.
- LGTBI+ pertsonei errefuxiatu izateko eskubidea aitortzea, euren jatorri herriko agintarien eta indarreko legeriaren jazarpena eta kriminalizazioa jasaten dituztenean.
- Aitortzea zer-nolako lana egin duten eta zer-nolako lana egiten jarraitzen duten hirugarren sektoreko erakundeek, hain zuzen ere, LGTBI+ pertsonen berdintasuna, giza eskubideak eta oinarrizko eskubideak sustatzen, babesten eta defendatzen diharduten aldetik.
- Berrestea Udal honen konpromisoa, sexu aniztasunaren aldeko eta sexu orientazioagatik edo genero nortasunagatik diskriminaziorik ez jasotzeko politiketan inbertitzeko premiarekin; horretarako, arreta, informazio, trebakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazio proiektuak eta programak garatuz, guztia ere gure hiriak eta herriak espazio seguru izan daitezen sexu aniztasunerako, adierazpide guztietan.
- Bat egiten dugu elkarteek antolatutako mobilizazioekin eta babestu egiten ditugu; halaber, dei egiten diegu herritarrei, haiek ere parte har dezaten mobilizazio horietan.
Kritikak PPri
Bestalde, Aitzole Aranetak PPren jarrera kritikatu du bere sare sozialetan. Izan ere, gaur Donostiako PPk trans pertsonei buruko gaixotasun bat diagnostikatzen dietela salatzen duen adierazpen bat sinatu duen bitartean, atzo Eusko Legebiltzarrean kontrakoa esan zuela salatu du Aranetak. Gainera, “argazkian ateratzera” joan direla esan du Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak.