Guardetxeko kideek beste hamar urtez iraun nahi dute hor
2009an eraikinaren erabilera Banda Bat kultur elkarteari egokitu zion lagapena aurten iraungi da, eta udalak lehiaketa publikoa abiatuko du udaran. Guardetxea kudeatzen duten kideek, ordea, euren lanarekin beste hamar urtez jarraitzeko aukera izatea espero dute.
Hamar urteko epean, Urgulleko Guardetxea hiriko kultur gune garrantzitsua bilakatu da, era askotako aisialdi eta kultur eskaintzarekin. Nola ez, denbora horretan eraikinaren kudeaketaz arduratu den Banda Bat elkarteak ere bere bilakaera izan du, eta udalaren lagapena jaso zuten kideetatik inork ez du gaur egun taldean jarraitzen. Haien lanari segida eman zioten herritarrek, ordea, Guardetxeari beste hamar urteko bizia eman nahi diote orain.
Bertako eragile eta artistentzako gune ireki bat eskaini eta kultur eskaintza eraldatzaile bat proposatzeko asmoz ekin zion taldeak Guardetxearen kudeaketari. Geroztik, ekitaldi propioak antolatu eta gainerako eragileen jarduerak koordinatzeaz arduratu dira Banda Bateko kideak, emaitza nabarmenarekin. Urtero, adin guztietarako hamarnaka ekitaldi jaso dituzte Urgulleko eraikinean, kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak eta bestelako hainbat egitasmo nahasiz.
Kide hauen jarduna, aldiz, uztailaren 30ean etengo da, egun horretan Guardetxea behin-behinean itxiko baitu udalak, eraikinean hainbat konponketa egin eta kudeaketarako lehiaketa publikoa aurkezteko. Egoera horren aurrean, Banda Bateko lagunak itxaropentsu agertu dira, eta udalarekin orain arte izan duten harreman ona azpimarratuz, datozen hamar urteetarako lagapena jasotzea espero dute.
Zarata arazoak eta zigilatzea
Hamar urteko ibilbidea ez da, ordea, inolako arazorik gabe egiten: kontzertu baten zarata zela-eta bizilagun batek jarritako kexaren harira, udalak bost egunez zigilatu zuen Guardetxea maiatza amaieran.
Etorkizunean arazo hori errepika ez dadin, hainbat aukera aztertu dituzte Banda Bateko kideek, eta proposamen zehatzak egin dizkiote udalari. Urteetako buruhauste hori konpontzeko aukera onena soinu mugagailu bat jartzea dela ondorioztatu dute, eta udalak hori edo beste neurri bat hartu bitartean, Guardetxean kontzertu gehiago ez antolatzeko konpromisoa hartu dute.