Harrotasuna ez dagoela salgai aldarrikatu dute ehunka herritarrek
Bulebarretik abiatu da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duten manifestazioa. Harrotasuna ez dago salgai; Donostia ere ez lelopean Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak hartu dituzte ehunka herritarrek. Bandera koloredun erraldoi batek gidatu du manifestazioa, eta LGTBI komunitatearen ikur ugari egon dira ikusgai mobilizazio osoan zehar. Donostiako TransMariBollo Koordinadoraren ekimenez mobilizatu dira herritarrak, eta Emakumeen Etxeko batukadak girotu du ibilbide osoa.
Zuloaga plazan amaitu dute protesta, eta han irakurri dute manifestua. Gogor salatu dute sistema neoliberalaren ordezkariek LGTBI eta borroka feminista asimilatzen ari direla, eta harrotasuna ez dagoela salgai. Horren aurrean, “puten, migratzaileen, presoen, yonkien, etxeko eta zaintzetako langileen, barne-langileen, paperik gabekoen, langabetuen eta arrazializatuen arteko borroka intersekzionalera” deitu dituzte herritarrak.
IRUTXULOKO HITZAk irudi bilduma batean bildu ditu manifestazioko hainbat une.
Hona hemen Donostiako TransMariBollo Koordinadoraren testu osoa:
Gaur, ekainak 28, zisheteronormatik kanpo geratzen garenon eguna da, memoria eta ikusgarritasuna aldarrikatzen jarraituko dugula oihukatzeko.
Nahiz eta instituzioek egun hau bere egin, ez dugu ahaztu behar instituzio eta hauen indar errepresiboen aurkako borroka historiko batetik datorrela. 1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall tabernan trans, bollera, puta, marika, yonki eta drag queen arrazializatuek gizarte txuri burgesak bortizki suntsitu nahi zituen bizitzen aldeko borroka hasi zuten. 10 urte beranduago Oreretan poliziak Francis trabestia tiroka erail zuen, Euskal Herriko kolektibo trans marika-bollo-en haserrea eta borroka piztuz.
50 urtez egindako borrokak aldatu du egoera, “ley de peligrosidad” deiturikoaren ezabaketa, kolektiboaren despatologizazioa. Ibilbide luzea dugun arren borrokan jarraitu beharra dugu, sistema heterosexualak boterean jarraitzen duelako, gogoan ditugu hetero-arauak eraildakoak: Ekai, Moio, Getxoko 13 urteko gaztea.
Memoria bizirik mantenduz jarraitu behar dugu, erasoak ez direlako amaitzen: kolektiboko kideek kaleetan jasotako biolentzia zuzena, Skolae bezalako programekiko barrerak edo Arabako apezpikuaren deklarazio tamalgarriak. Badaude arrazoiak borrokan jarraitzeko.
Munduko potentzia ekonomiko garrantzitsuenak abuztuan Miarritzen elkartuko dira G7a deituriko gailurrean. Horrek badakigu zein ondorio ekarriko dituen: Estatuen politika sozialen ahultzea, lurraren ustiaketa eta kalte ekologiko itzela, beti kapitalaren mesedetan. Argi ikusten dira ondorioak Donostian bertan, auzoak herritarrei kendu turistei oparitzeko, turismo burges hori sustatzen duten enpresen mesedetan, hotel gay-ak eraiki gizon txuri homosexualak haien dirua xahutzeko, Moraza kalean 45 migrante jipoika desalojatzen diren bitartean.
Bizimodu tradizionala eta gizarte kohesioa apurtu, indibiduo globalizatuak eratzeko ahaleginetan. Herriko dendak hustu Amazonen paketeak jasotzeko, koadrilla Facebookeko lagunekin ordezkatu, harreman sexualak Grinderretik gestionatu, eta edozer behar izanez gero edozein momentutan: GLOVO.
Erregimen neoliberalak ez du bakarrik gure bizitza prekarizatzen, hori egiteaz gain bere praktikak estali nahi ditu zuzentasun politikodun mozorro bat jantziz.
ZUEN MOREA EZ DA FEMINISTA ETA ZUEN ORTZADARRAK EZ DIGU BALIO!
Argi dagoelako zein den botereak inposatu nahi duen eredu feminista, emakume txuriak historikoki gizon txurienk egin duten lana hartu eta etxeko eta zaintza lanak esternalizatu eta pribatizatzea. Emakume txuriak dirua irabazi eta gastatzeko askatasuna izatea, gure zaintza lanak egiten dituzten langile migranteen kontura, gizon txurien pribilegioen inongo urraketarik gabe.
Soldatapeko lana lortu, ezkondu, haurrak izan, bikotekidearekin hipotekatu, denak berdin jarraitzeko, eta berdin die, bi aita, bi ama, bi kide ez binarie, harreman askedunak edo ez, erregimen heterosexuala errespetatzea da kontua.
Baina badakigu Eurozonako gizarteetan eskeintzen zaigun, onarpen politikoki zuzena praktikatzen duten berberek munduko beste zonalde batzuetan dauden erregimen LGTBI+foboak sostengatzen dituztela.
Kolektibo LGTBI+-a ez da hemendik kanpo kokatzen, berdina erreproduzitzen jarraitzen dugu. Gure burua objektu bihurtzen dugu. Pertsonak merkantzia bailiran hautematen ditugunez, ingurukoak kontsumitzen ditugu gure nahi eta interes indibidualisten arabera. Ez badigute ezertarako balio ez dugu inolako interesik erakusten haiekin harremantzeko. HOMO-NORMA existitzen da. Homo normak kanpoan uzten dituen gorputzak existitzen direlako. Bertan kokatzen dira gorputz arrazializatu, ez funtzional, mentalki anitz, lodi, bollera marimutil, plumadun marika ez muskulatu eta pobreak.
Guzti honen aurrean, bollera, trans eta marikek sistemaren aurkako borrokara deitzen dugu! Puten, migranteen, presoen, yonkien, etxeko eta zaintzetako langileen, internen, paperik gabekoen, langabetuen eta arrazializatuen arteko borroka intersekzionalari.
Geldirik, ixilik eta erosten nahi gaituztelako guk antolakuntza, autodefentsa, eta borroka!