Kontxako badia erradioaktiboa
1985eko irailean, Kontxako badian agerturiko bidoi batek alarma guztiak piztu zituen, erradioaktibitate-zeinua agerian zuelako. Udaltzaingoak bainulariak uretatik aterarazi zituen segituan, baina ez zegoen inolako arriskurik. Bidoia faltsua zen, eta ekintzaile antinuklearrek bota zuten itsasora, protesta gisara.
Bidoia Londresen Zabor Erradioaktiboei buruzko IX. Biltzarra egiten ari ziren bitartean agertu zen Kontxako badian. Garai hartan ohikoa zen ontziek halako hondakin kaltegarriak itsasoan hondoratzea, eta talde ekologistek urteak zeramatzaten horren arriskuak salatzen eta autoritateei neurri eraginkorrak eskatzen.
Gizartearen kontzientzia pizteko helburuarekin, Energia Nuklearraren Aurkako Komiteek ekintza deigarri bat egitea erabaki zuten, eta txalupa batetik, erradioaktibitate-zeinua zuen bidoia bota zuten Kontxako uretara.
Erreakzioa azkar iritsi zen. Babes Zibila, udaltzaingoa eta osasun-zerbitzuak Loretopearen eta La Perlaren artean flotatzen ari zen bidoi erradioaktibo batengatik kezkatuta zeuden herritarren deiak jasotzen hasi ziren. Polizia segituan bertaratu zen, eta badian zeuden bainulari guztiak uretatik kanporatu zituen, kalteak saihesteko. Hortik gutxira, hainbat aditu agertu ziren hondartzan, Onkologikotik ekarritako tresna batekin bidoiaren erradioaktibitatea neurtzera.
Teknikariek denbora gutxi behar izan zuten objektu horrek inolako arriskurik suposatzen ez zuela ondorioztatzeko, eta pixkanaka, hondartza bere normaltasunera bueltatu zen. Zalaparta, ordea, egundokoa izan zen, eta prentsari bidalitako oharraren bidez, ekintzaile antinuklearrek mezu argia bidali zieten herritar eta agintariei: “Gaur gezurra izan arren, bihar egia izan daiteke”.
Egun, Ozeano Atlantikoaren itsas hondoak 50eko eta 80ko hamarkaden artean isuritako hondakin erradioaktiboz beterik jarraitzen du. Bidoi horiek benetakoak dira, eta urtez urte, presioak eta itsasoaren korrosioak are gehiago kaltetzen dute euren geruza, euskal kostaldetik kilometro gutxira.