Euskal errepublika aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Antiguan
Zergatik ez? plataformak deituta euskal errepublikaren aldeko manifestazioa egin dute gaur goizean Antiguan. Antigua badoa Espainiatik lelopean Gaskonia plazatik abiatu da manifestazioa, eta Matia kaletik igaro ostean Jose Maria Sert plazan amaitu dute protesta. Iker Lauroba musikariak bat egin du mobilizazioarekin, eta amaieran bi abesti abestu ditu. Errepublikaren sorrera euskal herritarrek jasaten dituzten arazoak konpontzeko bide gisa planteatu dute protestaren antolatzaileek, eta egunerokoan eragiten dizkien arazoak konpontzeko, Espainiatik atera eta euskal errepublika beharrezkoa dela aldarrikatu dute.
Jarraian, Zergatik ez? plataformako kide batek manifestazioaren amaieran irakurri duen testu osoa:
Etxebizitzaren prezioak gora egin eta auzotik kanpora bizitzera joan behar izan garen antiguatarrak gara.
- Afrikatik etorri, erakundeek kale-gorrian utzi eta gaztetxean bizi garen antiguatarrak gara.
- Alferrikakoa den metroa egiteko, guztion dirua xahutuz, gure etxeetako zimenduak kaltetu dizkiguten antiguatarrak gara.
- Kobratzen dugun pentsioarekin justu baino justuago gabiltzan antiguatarrak gara.
- Lagunekin parrandan ibili eta gero, goizeko lauetan Dokatik atera eta etxerako bidea pauso azkarrez eta beldurtuta egiten dugun emakume antiguatarrak gara.
- Gaztetxetik auzoa dinamizatu eta, behin baino gehiagotan, auzotarren arazoak arintzeko lagundu dugun eta, orain, udaletxearen kanporatze mehatxupean gauden antiguatarrak gara.
- Merkataritza gune handien ugaritzea dela-eta auzoko betiko denda ixtera behartuta gauden dendari antiguatarrak gara.
- Gure seme alabei unibertsitateko matrikula garestiak ordaintzen gabiltzan antiguatarrak dira.
- Urrutiko kartzelatan senide eta lagunak ditugun antiguatarrak gara.
- Udalak bereak zituen eta funts putreei saldu zizkien Benta Berriko babes ofizialeko etxeetako bizilagunak gara. Orain, alokairua hirukoiztu eta pixkanaka kale gorrian gelditzen ari garen antiguatarrak gara.
- Lan baldintza eskasetan lan egin eta trukean soldata injustua jasotzen dugun antiguatarrak gara.
- Estatuaren betebeharra diren pertsonen zaintza dohainik edo lau sosaren truke egiten dugun antiguatarrak gara.
Horiek guztiak eta askoz ere gehiago gara. Eta hemen gaude. Bai, hemen gaude, egunerokoan eragiten diguten arazoak, urteak joan eta urteak etorri, bere horretan edo okerrera doazela sentitzen dugun antiguatarrak. Hemen gaude, gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu, konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun antiguatarrak. Hemen gaude, Espainiako bankukrazian, arazo hauek guztiak konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta etorkizunean ez dela egongo uste dugun antiguatarrak. Hemen gaude, arazo hauek konpontzeko, estatu batek ematen dituen baliabidean behar beharrezkoak ditugula uste dugun antiguatarrak. Horregatik, hemen gauden antiguatarrok, egunerokoan eragiten diguten arazoak konpontzeko, Espainiatik atera eta euskal errepublika behar dugula uste dugu. Hemen gaude eta ez gaude konforme.