Auzotarrak batzen dituen argia
Faroltxoaren jaitsiera Morlansko jaiei hasiera ematen dien ekitaldia da. Auzoaren historiari keinu bat egin nahian Morlansko bizilagunek asmatu eta urtez urte errepikatu duten ohitura da.
Auzoko gas fabrikaren garaiko kale-argietan du bere oinarria. Bizilagunek hala eskatuta, udalak auzoko faroltxo historikoen antza duten kale-argiak manten- du zituen Morlansen, hiriko beste auzoetan ez bezala. Hori dela eta, auzo elkarteak ikur gisa hartu zuen faroltxoaren irudia, eta festetako sinbolo modura erabiltzea erabaki zuten ere duela bost urte auzoko jaiak berreskuratu zituzten bizilagunek.
Beheko Morlansek goiko auzo zaharrarekin duen lotura mantentzeko balio du faroltxoaren jaitsierak. Izan ere, jaietako egitasmo gehienak Leire plazaren inguruan egiten diren arren, auzoko festei hasiera ematen dion ekitaldia Morlans zaharretik abiatzen da urtero, trikitien doinuaz lagundurik. Argi-zuziak piztuta, bizilagunak auzoan behera joaten dira, Danak Bat elkartetik igarota Leire plazara iritsi arte. Hor, oholtza gainean, faroltxoa izaten dute zain, eta bertsoen artean, jaiak amaitu arte auzotar guztiak batuko dituen argia pizten dute Morlanseko bizilagunek.