Betiko jai ederrak bizi-bizirik dirau
Aurkezpenik behar ez duen ekitaldia da Ibaetako jaietako erromeria. Aingeru Guardaren ermitan, festa herrikoien izaera hobekien mantendu duen ohitura da, martxoaren 1a iristen den aldiro, auzotarrek hutsik egin gabe egiten baitute maldan gora haien arbasoak ere dantzan jarri zituen jaian parte hartzeko asmoz.
Ezinbestekoak diren osagai gutxi batzuekin osatzen den errezeta da Aingeru Guardako erromeriarena: goizeko meza, txorizo egosia, sagardoa, trikitilarien doinua eta, nola ez, urtez urte oholtza gainera igotzen diren bertsolariak.
Duela zenbait urtetatik, Beñat eta Unai Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso dira saltsa jartzeaz arduratzen diren sukaldariak. Zapore ezin hobea, martxoaren lehena Aingeru Guardaren ermitan behar bezala ospatzeko.