Festa dotore eta dantzagarriak
Antiguakoek indartsu hasten dute beti urtea. Auzoko jaiak hiriko arrakastatsuenetarikoak dira, eta San Sebastian egunarekin bat egiten dutenez, batzuek edo besteek otsaila osorako ajea izan dezakete urtarrilean zehar egindako parranda guztiengatik.
Sansebastianetako lehen ostirala, ordea, ahul samarra izan ohi zen lehen jende kopuru aldetik, eta hori aldatzeko asmoz, jai batzordeko kideek Antiguako poteo elegantea sortu zuten 2003an, Arrasateko Maritxu Kajoi jaian oinarrituta. Hasiera batean batzordeko kideak ziren kalera mozorrotuta irteten ziren bakarrak, baina hortik pare bat urtera, Luberri institutuaren sorrerak egundoko aldaketa ekarri zuen. Auzoko gazteek bere egin zuten jaietako lehen egun horretan elegante jantzita irteteko ohitura, eta geroztik, Antiguako poteo eleganteak sekulako glamourra eman dio auzoko jaiari.
Sansebastianak ez dira, ordea, Antiguako jai bakarrak. Izan ere, auzotarrak festa gogoz ibili ohi dira ekaina aldera, eta San Joan jaiak iritsita, kalera irteten dira berriro ospatzera. Musika eta dantzan oinarrituta, Antiguako sanjoanak arrakasta handikoak izan ohi dira ere, eta frontoian urtero egiten den dantza emanaldia ezinbesteko ikuskizuna bilakatu da auzoan.