Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa'-rekin hasiko dute literatur solasaldien ikasturtea
Duela astebete amaitu zuten literatur solasaldien 2018-2019 ikasturtea, Maddi Zubeldia abeslari eta idazlearen bisitarekin, eta dagoeneko aurkeztu dute datorren ikasturteko irakurgaien programa. Ikasturte honetan bezala, Amara Berrin eta Egian egingo dituzte saioak datorren urtean ere, eta lehenengoa irailaren 2an izango da, Amara Berriko Ikasbide kultur elkartean. Ikasturtea, aldiz, ekainaren 25ean amaituko dute.
Hona hemen irakurgaien zerrenda eta egutegia:
Fakirraren ahotsa (2018), Harkaitz Cano
- Data: irailaren 2an Amara Berrin, irailaren 25ean Egian.
- Literatur generoa: eleberria.
- Gaia/kritika: Imanolena, egiaz, pertsonaia egokia da, 60-90 hamarkadetan euskal jendarteak bizitu zuen bilakaera politikoaren islatzeko: ETAren alde izatetik ETAren kontra azaltzera iragaten zela, bereziki Yoyes-en (Arakis, eleberrian) hilketatik lekora, baina ez bakarrik.
Amek ez dute (2018), Katixa Agirre
- Data: urriaren 7an Amara Berrin, eta urriaren 30ean Egian.
- Literatur generoa: eleberria.
- Gaia/kritika: amek ez dute, zer ez dute? Ez dute ezertarako astirik, ez dute sexu gehiegirik, ez dute elkarrizketa interesgarri askorik, ez dute alderdi anitzeko bizimodurik… zein izango ote, nire artean, eleberri honen izenburu etenaren segida?
Baionak ez daki (2015), Bea Salaberri
- Data: azaroaren 4an Amara Berrin, azaroaren 27an Egian.
- Literatur generoa: ipuina.
- Gaia/kritika: hogeita hamahiru istorio hauek txikikeriez mintzatzen dira, ustez. Egunerokotasunaren huskeriez. Eta nahiz eta “ezer gertatzen ez den” ahotsaren azpialdean atzematen da pasioaren sugarra, desiraren atzaparra. Kontraste horrek erakartzen du, eta beldurtzen, aldi berean.
Disoluzio agiriak (2019), Jose Luis Otamendi
- Data: abenduaren 2an Amara Berrin, abenduaren 27an Egian.
- Literatur generoa: poesia.
- Gaia/kritika: subjektu poetikoa konturatzen da denbora aurrera doalarik inguruko mundua aldatzen doala, eta neurri handi batean subjektuari ezinezkoa zaio aldaketa horiek beren osotasunean onartzea.
Soinujolearen semea (2003), Bernardo Atxaga
- Data: urtarrilaren 6an Amara Berrin, urtarrilaren 29an Egian.
- Literatur generoa: eleberria.
- Gaia/kritika: ETAkide batzuen oroimenak, memoria historikoa. Bai edukiak garatzeko moduagatik baita eitea zaintzeko duen dotoreziagatik eta hiztegizko aberastasunagatik, hizkuntza idatziaren menperatzearen artea da Atxagarena.
% Basque (2001), Itxaro Borda
- Data: otsailaren 10ean Amara Berrin, otsailaren 26an Egian.
- Literatur generoa: eleberria.
- Gaia/kritika: Iparraldeko errealitate soziopolitikoa, kultural eta linguistikoaren deskribapen zorrotza burutzen du.
Etxera bidean (2018), Xamar
- Data: martxoaren 2an Amara Berrin, martxoaren 25ean Egian.
- Literatur generoa: saio-testigantza.
- Gaia/kritika: euskararen berreskurapena Garralda inguruan, eta ekialdean.
Hitzontziak (2017), Xabier Montoia
- Data: apirilaren 6an Amara Berrin, apirilaren 29an Egian.
- Literatur generoa: eleberria.
- Gaia/kritika: trantsizio garaiari egiten dio errepasoa idazleak, kontakizunaren erdigunean, besteak beste, Gasteizen martxoaren 3 malapartatu hartan gertatutakoa jarrita.
Erreka haizea (2018), Sonia Gonzalez
- Data: maiatzaren 4an Amara Berrin, maiatzaren 27an Egian.
- Literatur generoa: saiakera intimoa.
- Gaia/kritika: Minaren geografia izan daiteke saiakera hau, edo bizitzarena berarena.
Gauza guztien zergatia (1998), Quim Monzo
- Data: ekainaren 1ean Amara Berrin, ekainaren 25ean Egian.
- Literatur generoa: itzulpena-ipuina.
- Gaia/kritika: Bikoteen tirabirak, maiteminduen agintza eta amoroskeria konbentzionalak, bizitza modernoaren azaluskeria, morrontza eta errutinak, gizabanakoen tema ero, uste ergel eta desira iritsi ezinak…