Has dadila ikuskizuna!
Añorgan iaioak dira ikuskizunerako. Horregatik, urtez urte auzoko jaietako ekitaldi esanguratsuena sorpresa jaialdiarena da. Festetako lehen osteguneko gauean, Antzoki Zaharra dotore jartzen dute auzotarrek, eta hor bildu ohi dira urte osoan zehar gertaturikoak errepasatzen dituen ikuskizunaz gozatzeko.
Auzoko gazteek egundoko lana hartzen dute antzerkiaren prestakuntzan. Gai bat aukeratuta, auzoan jasotako anekdotak erreproduzitu eta bizilagunen imitazioak egiten dituzte, tonu umoretsuan beti. Iaz, adibidez, ETB 1-eko Herri txiki, infernu handi saioaren bertsio añorgatarra egin zuten, eta aurretik Oscar sarien zeremonia bat ere egin zuten.
Antzezleen interpretazioak Oscarra irabazteko modukoak izan edo ez, ukaezina da jaialdia auzotarren gustukoa dela, antzokia urtero jendez lepo egoten delako. Aurrera jarrai dezala, hortaz, Añorgako ikuskizunak!