Haur eta adinekoak dira nagusi
Bidebietako Txanpontxo jaiak izan ohi dira udaberriko lehenetariko jaiak. Izenak adierazten duen moduan Txanpontxo pertsonaiak berebiziko garrantzia dauka festetan. Duela hogei urte baino gehiago, jaiak berreskuratzearekin batera sortu zuten Txanpontxo, auzoko festen ikur nagusia. Moneda baserriaren omenez asmatu zuten, baserri hori baita egun auzoan zutik mantentzen den bakarra. Hara joaten ziren bizilagunak, euren txanponak gordetzera, jasotzera, aldatzera eta errenta ordaintzera.
Hori oinarri hartuta, Txanpontxo Guardaplata bidetik jaisten da jaien lehen egunean, eta txokolatezko txanponez beteta eramaten du saskia. Jaitsieran zehar auzoko umeei txokolatezko txanponak bana- tzen dizkie, eta bere iritsierarekin hasten dira Bidebietako jaiak. Jai batzordekoen ustez Txanpontxoren jaitsiera da jaietako unerik bereziena, auzoko umeek ilusioz, irrikaz eta zoriontsu bizi dutena.
Miss eta Mister erretiratuen lehiaketa ere oso berezia izaten dela nabarmendu dute. Duela lau urte hasi zen Hogar del jubilado taberna jarduera hau antolatzen, eta erretiratuen artean sekulako arrakasta izaten duela baieztatu dute Bidebietakoek.