Jai gazteak, baina sustrai sakonekoak
Loiolako Erriberako jaiek 10 urte beteko dituzte aurten, izan ere, 2009an egin ziren lehen aldiz jaiak. Auzoa 2006an sortu zenez, oso jai berriak dira, eta jaiak irailean egiteko arrazoia horrekin lotuta dago: ekaina eta uztaila auzoetako jaiez lepo egoten dira, eta iraila izaten da hutsen dagoen hilabetea.
Jaien gaztetasunak egitaraua etengabe handitzea eragiten du, eta urtero berrikuntzaren bat edo beste sartzen dute programan. Jaietako jarduera berezienari buruz galdetzean, antolatzaileen artean ez dago adostasunik, baina hainbat nabarmendu dituzte. Azpimarratu orokorrean adin-tarte guztietarako eskaintza zabala egoten dela.
Gustukoenen artean jai irekierako buruhandi eta erraldoien kalejira dago. Auzotarrentzat ere oso garrantzitsuak dira herri otorduak, hain zuzen, jaietako ostiraleko piknika eta larunbateko sardina eta saiheski jana. Ostiraleko afarirako nork bere afaria jaisten du kalera eta lagunarteko giroan afaltzen dute bizilagunek. Gainera, oso harrera positiboa izan zuen iaz lehen aldiz egin zuten zezensuzkoa.