'Nik sinesten dizut' liburua aurkeztuko dute Tobacco Days liburu dendan

‘Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua’ liburuaren aurkezpena egingo dute ostegunean, uztailaren 4an, Tabakalerako lehen solairuan dagoen Tobacco Days liburu-dendan. 19:00etan hasiko da, eta liburuari eta bertan jorratzen diren gaiei buruz solasean arituko dira Samara Velte Moran egilearekin. Joan den maiatzean argitaratu zuten Veltek idatzitako 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko liburua idatzi du, baina editoreen arabera, “ez da kroniko liburu soil bat”. Hona hemen liburuaren sinopsia:
2016ko sanferminak hasi berritan, bost gizon atxilotu zituzten Iruñean, denen artean neska bat bortxatzea leporatuta. Aurki, kasuak ohiko dimentsio guztiak gaindituko zituen: inor gutxi geratuko zen ‘Manada’ delakoaren berri jakin gabe, azken hamarkadako mobilizazio handienetako batzuk eragiteraino.
Baina zerk bihurtu zuen nahiko ohikoa den gertakari bat –festa gune batean gertatutako eraso sexista bat– horren ikoniko?
Nik sinesten dizut ez da 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika liburu soil bat. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: indarkeria fisikoaz harago, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak. Liburu honen helburua da bortxaketaren kultura deitzen zaion hori aletzea, ulertzea eta deszifratzea; hain zuzen ere, kultura hori aldatzeko.