Aldundiak 400.000 euro ordainduko dizkio Gipuzkoa Basketi denboraldi berrirako
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuak eta Gipuzkoa Basketek akordio berri bat sinatu dute talde donostiarrak hurrengo denboraldian LEB ligan parte hartu ahal izan dezan. Itun horren arabera, lurraldeko administrazio publikoak 400.000 euro ordainduko dizkio klubari, bere egonkortasun finantzarioa bermatze aldera.
Hurrengo denboraldietan, berriz, Kirolgi Fundazioaren bitartez bideratutako dirulaguntza hori 300.000 eurokoa izango da, betiere taldeak bigarren mailan jokatzen jarraitzen badu. Izan ere, mailaz jaitsi aurretik ACB ligan jokatu duen denboraldi bakoitzeko 700.000 euroko dirulaguntza jaso du Gipuzkoa Basketek.
Nacho Nuñez GBC-ko presidentearekin batera eginiko agerraldian, Denis Itxaso diputatuak adierazi du akordio berriarekin Gipuzkoak maila altuko saskibaloiaz gozatzen jarraitzea ahalbidetuko dela. Horrez gain, itunarekin Gipuzkoa Basketek lurraldeko saskibaloiaren buru izateko eta harrobia egituratzeko konpromisoa hartu duela nabarmendu dute bi alderdiek.
Nuñezek, bere aldetik, klub donostiarrak ogasunari zor dion diruari buruz hitz egin du, duela urte eta erdi 3,6 milioi eurokoa zen zorra irailean kitatuko dutela nabarmenduz.
Entrenatzaile berr
Datozen bi denboraldietan Marcelo Nicola argentinarrak talde donostiarra zuzenduko duela iragarri zuen larunbatean Gipuzkoa Basketek. Nicola jokalari gisa Baskonia, Panathinaikos eta Bartzelonan aritutakoa da, eta 2012an entrenatzaile gisa estreinatu zenetik, hainbat klubetan ibili da entrenatzaile eta laguntzaile gisa. Bere azken taldea Italiako bigarren mailako Unieuro Forli izan da.