Dbus arduratuko da Dbizi zerbitzuaren kudeaketaz
Hurrengo hamar urteetan Donostiako Tranbia Konpainia (Dbus) arduratuko da Dbizi hiriko bizikleta publikoaren sistemaren kudeaketaz. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur hartu du erabakia. Lehenengo urtean zerbitzuaren kontratu berria adjudikatuko du Dbusek, eta aurreikusten da urte bukaerarako izatea. “Helburua da zerbitzua hiriko garraio publikoaren sistemaren barruan sartzea”, esan du Eneko Goia alkateak.
Epe horretan udalak 195.680 euro ordainduko dizkio Dbus-i sistemaren kudeaketa osoa egiteko eta baliabideen kostuari aurre egiteko. Aldi berean, lehen urtean 400.000 euro ordainduko dizkio, zerbitzuaren kontratuaren enpresa adjudikatuari emateko, sistema berriaren inbertsioari, mantentzeari eta logistikari aurre egiteko.
Dbus-ek bere gain hartuko du alokairuko bizikleta publikoen sistemaren kontrola eta kudeaketa. Sistemak egungo ezarpenak aldatuko ditu, eta bizikleta elektriko zein arruntez osaturiko zerbitzua izango da. “Modu progresiboan ezartzen joango gara, geltoki eta bizikleta gehiago izango ditu, eta tarifen sistema ere aldatuko da. Izan ere, urteko abonuaren prezioa jaitsiko da eta erabilera prezio desberdinak izango ditu, iraupena, helmuga eta bizikleta mota kontuan hartuta”.