Donostiak desagertzen jarraitzen du
'Galdu genuen hiria' erakusketaren lehen edizioak izandako arrakastak eta gaiaren gaurkotasunak bultzatuta berriro erakustea erabaki dute, hainbat berrikuntzarekin. Okendo kultur etxean izango da ikusgai, abuztua bukaera arte.
Mugak Nazioarteko Arkitektura Bienalean ikusgai egon zen Galdu genuen hiria. Donostian hiri-ondarearen kudeaketa 1950-2017 erakusketa berriro antolatu du Ancora elkarteak, Okendo Kultur Etxean oraingoan, hiri-ondarearen galera 2019ra luzatuta.
Erakusketaren lehen edizioak izandako arrakastak eta gaiaren gaurkotasunak bultzatuta berriro erakustea erabaki dute, hainbat berrikuntzarekin. Berrikuntzen artean, San Martin merkatu zaharraren jatorrizko arkuaren zati bat (irudian) eta azken hiru urteetan eraitsitako eta hustutako eraikinen irudiak, hiriaren desagerpen jarraituaren adierazgarri.
Alberto Fernández D’Arlas eta Eneko E. Oronoz komisarioek gaineratu dute une egokia dela hiri-ondareaz aritzeko, Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezia (HEOBPB) berrikusten ari baita udala. Era berean, arriskuan dagoen Arte Ederrak antzokiaren inguruan ICOMOS Monumentuen eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluak emandako abisua ere egoeraren larritasunaren seinaletzat jo dute. Hiri-ondarearekiko kontzientzia aldaketa baten beharra azpimarratu dute.
Erakusketak aurrera begiratzen duela zehaztu dute antolatzaileek, joera nostalgikoetatik eta atzera begirako memoria hutsetik harago asmo aldarrikatzailea duela. Hiri-ondareari dagokionez ebatzi beharreko arazo asko dago oraindik, 1950etik abian dagoen prozesu espekulatzailea indarrean baitago egun. Erakusketan artxiboko irudiak eta egungo egoera alderatzeko moduan agertzen dira, irakurketa kritiko bat erraztuz. Hamalau auzo barnebiltzen ditu erakusketak, aldirietako ondare arkitektoniko aberatsa ere aintzat hartuz.
Azken urteetan Ondarretan eraitsitako etxeen egoerak herritarren protestak eragin zituen, Mirakruz 19 eraikinaren eraisteak bezala, eta protesta hauen inguruko atal bat ere badu erakusketak, hainbat artikulu, pankarta eta afixarekin.
Hiri-ondarea babesteko lanean aritzen da Ancora elkartea eta azken urteetan Hirigintza sailaren eskariz hiriko etxeen katalogatze lana burutu du, orain arte aintzat hartu gabeko 300 inguru eraikin identifikatuz. Eneko E. Oronozen hitzetan, HEOBPBaren berrikuspenean etxe hauek balioestea espero dute, eraikin mota honi dagozkion galerak garrantzitsuak izan baitira. Ondarretako etxeak gogoan, hiriarentzako kaltegarria den dinamika honek jarraitu ezin duela gaineratu du Oronozek.
800 irudi inguru biltzen dituen erakusketa gaurtik aurrera egongo da ikusgai, abuztuaren 24a bitartean. Astelehenetik ostiralera (10:00-14:00 / 16:00-20:30) eta larunbatetan (10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00) egongo da zabalik erakusketa eta bisita gidatuak ere egingo dira komisarioen eskutik, euskaraz eta gaztelaniaz.
Bisita gidatuen egutegia:
Uztailak 5, 17 eta 24. 19:00etan, euskaraz.
Uztailak 6, 12, 19 eta 26. 19:00etan, gaztelaniaz.
Uztailak 26. 12:00etan, euskaraz.
Abuztuak 1. 12:00etan, euskaraz.
Abuztuak 1, 7 eta 21. 19:00etan, gaztelaniaz.
Abuztuak 2, 9 eta 22. 19:00etan, euskaraz.
Abuztuak 16. 12:00etan, gaztelaniaz.