Gipuzkoako zahar etxeetako langileek kanpaldia egingo dute Bulebarrean
Ostegunetik larunbatera bitarte, kanpaldia egingo dute Bulebarrean Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hiru eguneko egitaraua prestatu dute mobilizazioekin jarraitzeko.
Hilaren 4ean, osteguna, hainbat jarduera egingo dituzte Ikusezinen ahizpatasuna lelopean. Prentsaurrekoa egingo dute 11:30ean eta txupina botako dute 11:45ean. Horrekin batera, Emakumeok borrokaren lehen lerrora dokumentala proiektatuko dute (12:00), eta jarraian solasaldi bat egingo dute. Gipuzkoako epaitegietako garbitzaileek, zahar etxeetako langileek eta UBIK liburutegiko bitartekariek parte hartuko dute (12:30). Herri bazkaria 14:00etan izango da, eta ondoren mahai-ingurua 16:00etan. Etxeko langileek eta etxez etxeko zerbitzuko langileek parte hartuko dute. Onintza Iruretak liburua aurkeztuko du 18:30ean, eta eguna bukatzeko afari herrikoia egingo dute (21:00).
Ostiralean, hilak 5, Ahalduntzea leloa hautatu dute Bulebarreko jarduerak aurrera eramateko. Herri gosaria egingo dute 8:30ean, Bizkaiko zahar etxeetako langileek solasaldia eskainiko dute 11:00etan, eta bideo proiekzioekin biribilduko dute goiza. Feminismoaren eta klase borrokaren ingurukoak izango dira (12:00). Jarraian, herri bazkaria egingo dute (14:00), eta Miriam Herbonek Ahalduntzea hitzaldia eskainiko du 17:00etan. Maialen Akizuk eta Ane Zuazubiskarrek bertso emanaldia egingo dute 18:30ean, zumba saioa 20:00etan izango da, eta azkenik, afari herrikoia egingo dute (21:00).
Azkenik, hilaren 6an, larunbatean, manifestazioa egingo dute 18:30ean Bulebarretik hasita. Ordura arte, ordea, hainbat jarduera egingo dituzte Eman bostekoa garaipenari lelopean. Herri gosaria (8:30), Ratioak solasaldia eta Bea Clown antzerkia (11:00), herri bazkaria (14:00) eta Zaintzen hileta ekitaldia (17:00) egingo dituzte.