Altzako kiroldegi berria 20 hilabeteren buruan amaituko dute
Gaur goizean eginiko agerraldian Altzako kiroldegi berria eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren baitan 600.000 euroko ekarpena egingo du Aldundiak. Lanek 18 milioi euroko aurrekontua dute, Eneko Goia alkateak esan duenez une honetan ezertan inbertitutako kopururik handiena. Apirilean adjudikatu zituzten lanak eta astelehenean hasi ziren kiroldegi berriaren eraikuntzarekin. Burutzeko 20 hilabeteko epea zehaztu dela aurreratu du Udalak.
Zailtasun ugari izan ditu proiektuak, 1981. urtera arte kiroldegiaren kokalekuan zegoen Fibrocementos Vascos (gerora Toschi Iberica) enpresaren jardunaren ondorioz inguruko lursailak amiantoz kutsatuta baitzeuden. 2016an agertu zen lehenbizikoz amiantoa inguruetan eta 2018an lanak atzeratu egin behar izan zituzten amianto arrastoak berriro agertu zirela-eta eta bizilagunak ere kezkatuta dauzka egoerak.
Lanak amaitu bitartean Eraikuntza Eskolan martxan jarritako behin behineko kirol instalazioak zabalik mantentzea aurreikusten dute. Hala ere, eraikinaren jabearekin, Kutxa fundazioarekin, adostu behar dute aldi baterako erabilera.