Arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenentzat filmak proiektatuko ditu Eureka! Zientzia Museoak
Igande honetan, uztailaren 7an, Eureka! Zientzia Museoak arauz kanpoko funtzionaltasuna dutenen pertsonentzat pelikulak proiektatuko ditu lehen aldiz. Planetarium Urdina egitasmoak pertsona horien inklusioa du helburutzat, eta hori lortzeko, aretoak zein proiekzioak beraien beharretara moldatuko dituzte. Hala nola, filmen soinuaren bolumena jaitsiko dute, aretoko hainbat argi pizturik mantenduko dituzte, ikusleen segurtasuna bermatzeko. “Emozioak adierazteko eta askatasunez mugitzeko aukera ematen duen ingurune lagunkoi bat sortzea da gure asmoa”, adierazi dute antolatzaileek.
Igandekoa izango da lehen saioa, eta Polaris filma proiektatuko dute 2Dn. Pelikula euskaraz ikusi ahalko da 11:30ean, eta proiekzioak 30 minutuko iraupena izango du. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen sarreraren prezioa 2,5 eurokoa izango da, eta gainerako pertsonena 3,5 eurokoa.