Mojo Hand talde donostiarrak bere lehen diskoa kaleratuko du
2016an Donostian sortutako Mojo Hand blues talde donostiarrak bere lehen diskoa argitaratuko du aurten, eta Parte Zaharreko Altxerri tabernan aurkeztuko du datorren larunbatean, uztailaren 13an. Diskoaren hamaika abestietatik, hamar bertsioak dira eta bat, Dead husband, taldeak berak idatzitakoa. Askotarikoak dira diskoko bertsioak, hala nola, Taj Mahalen She Caught The Katy, Chuck Berryren Carol eta Rufus Thomasen Walking The Dog.
Gorka Azpiroz abeslaria, Jon Aira gitarra-jotzailea, Fernando Neira baxu-jotzailea, Karlos Aranzegi bateria-jotzailea eta Paul San Martin piano-jotzailea dira Mojo Hand osatzen duten musikariak. Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute diskoa, Fredi Pelaezek ekoiztuta, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratuko dute. 2016an sortu zenetik, bere lekua egin du Mojo Hand taldeak Donostiako musika eszenan, eta uztailaren 28an Jazzaldian joko dute. Altxerriko aurkezpen kontzertuaren sarrerek hamar euroko prezioa izango dute, eta diskoarekin etorriko dira.