Ongietorri festa egingo diete Realeko jokalari berriei
Realeko gizonezkoen lehen taldeko jokalari berriei ongietorria emango diete Anoetan igande honetan, uztailaren 7an, 12:00etan. Zortzi dira guztira lehen taldera iritsi diren jokalariak: lau fitxatuak eta beste lau bigarren taldetik iritsiak. Alejandro Remiro, Alexander Isak, Cristian ‘Portu’ eta Modibo Sagnan (urtarrilean fitxatu zuten, baina Lens taldean utzita aritu da) dira talde txuri-urdinak fitxatu dituen jokalariak. Bestalde, Ander Gebara, Ander Barrenetxea, Robin Le Normand eta Aihen Muñoz dira bigarren taldetik iritsi diren jokalariak; denek iaz egin zuten debuta Anoetan.
Sarrera libre izango da, eta Anoetako 15 eta 16 ateak irekiko dituzte 11:30ean, Aitor Zabaleta Harmailan egingo baitute festa. Jokalariak banaka irtengo dira zelaira, eta opariak banatuko dituzte zaleen artean. Bestalde, zozketa bat egingo du Realak, ostiralean itxiko dena, bi zale jokalariekin zelaian egon ahal izateko. Ekipazio berriko QR kodea eskaneatu beharko dute zaleek zozketan parte hartzeko, eta mugikorrean azalduko zaien inprimakia bete.