Toldozainen uniforme elebakarren aurkako salaketa egin du Bagerak
Bagera elkarteak salaketa bat aurkeztu du udalean, Ondarreta eta Kontxako toldozainen uniformean ‘toldero’ hitza gaztelania hutsean ageri delako. Salaketa bi arrazoiengatik jarri dute: batetik, uniformea elebakarra izatea herritarren hizkuntza eskubideen urraketa bat delako, eta bestetik, gaztelaniazko terminoa genero ikuspuntutik baztertzailea delako.
Duela egun gutxi, Kontxako pasealekuan jarri dituzten etxolen errotuluak ere gaztelania hutsean zeudela salatu zuen Bagerak, udalean beste kexa formal bat jarrita. Hortik gutxira, errotulu horiek kendu eta elebitan zeuden berri batzuk jarri zituzten etxolen arduradunek. Toldozainen kasuari dagokionez, antzeko neurri bat espero dute Bagerako kideek, baina momentuz udalaren partetik inolako erantzunik jaso ez dutela adierazi dute.