Adineko egoitzetako grebalariak kanpaldia egiten ari dira Bulebarrean
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek amaitu dituzte sei egunez Gipuzkoan barrena egindako protesta martxak, eta orain, kanpaldia egiten ari dira Donostiako Bulebarrean. Atzo hasi zuten mobilizazioa, eta bihar arte, herritarrei euren aldarrikapenen berri ematen arituko dira Bulebarrean jarri duten karpan.
Adinekoen egoitzetako langileek 81 egun daramatzate greban, eta ekainaren 17an etenik gabeko greba luzatuko zutela iragarri zuten, uztailaren 12ra arte, hain zuzen. Grebalarien helburu nagusia ELAk Adegi eta Matia patronalekin lortu zuen akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzea da; sindikatu horrek ordezkaritza sindikalaren %60 dauka.
Besteak beste, sektoreko langileen arteko soldata arrakala deuseztatzeko ari dira borrokan, eta “zaintza sektore duin bat” izateko neurriak eskatu dizkiote langileek Gipuzkoako Foru Aldundiari. ELAk nabarmendu du langile horien lan baldintza txarrak “emakumeak direlako” gertatzen direla: “Gizonezkoan lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik. Zaintza lanak ez al du merezi bestelako balioa Gipuzkoako Aldundiaren aldetik?”. Era berean, Markel Olano Ahaldun Nagusiaren eta Maite Peña Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuaren jarrera kritikatu dute, eta arduraz jokatzeko eskatu diete.
Kanpaldi oparoa
Kanpaldiak iraungo duen hiru egunetarako, egitarau zabala prestatu dute, eta larunbatean amaituko dute, manifestazio batekin. Atzoko egunari Ikusezinen ahizpatasuna izena jarri zioten, eta kanpaldiaren aurkezpenaren ostean, txupinazoa egin zuten. Ondoren, Emakumeok borrokaren lehen lerrora dokumentala eman zuten, eta eguerdian mahai ingurua egin zuten Gipuzkoako epaitegietako garbitzaileekin —hilabeteetako gatazka oraintxe amaitu dute—. Arratsaldean Onintza Iruretak Berdea da more berria liburua aurkeztu zuen, eta eguna amaitzeko herri afaria egin zuten.
Gaur herri gosaria egin dute goizean goiz, egunari hasiera emateko, eta ondoren, solasaldia izan dute Bizkaiko adineko egoitzetako langileekin. Ondoren, bideo proiekzioak jarri dituzte, eta feminismoa eta klase borroka izan dituzte hizpide. 17:00etan Miriam Herbonen Sindikalismo feministatik ahalduntzen hitzaldia antolatu dute, eta ondoren, Maialen Akizuk eta Ane Zuazubiskarrek bertso saioa egingo dute. Eguna amaitzeko, 20:00etan, zumba eta batxata dantza saioa eta karaokea egingo dituzte.
Bihar, kanpaldiaren azken egunean, 11:00etan solasaldia eta antzerki ikuskizuna egingo dute. Ondoren, herri bazkaria, eta 17:00etan “zaintzen hileta”. Kanpaldiari amaiera emateko, manifestazioa egingo dute 18:30ean.