"Artistok ez dugu herriarekin kontaktua galdu behar, gure mamia hor baitago"
Ezkertiar militantea eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua izan da beti Josean Larrañaga ‘Urko’ abeslaria (Amara, 1948). Abesten jarraitzen badu ere, bizitza lasaiagoa egiten du gaur egun.
Zergatik La Sebastiana?
Egunero etortzen gara hona, batez ere bermuta eta pintxoak hartzera. Oso leku berezia da.
Nondik ibiltzen zara Donostian?
Amara Berrin bizi naizenez, gehienetan hemendik ibiltzen naiz, eta Donostiako Atletikora joaten naiz kirola egitera. Noizean behin Parte Zaharretik ere ibiltzen naiz, baina gero eta gutxiago, guztiz gozakaitza delako gaur egun.
Bizitza guztia daramazu Donostian, eta urteekin hiria nola aldatu den ikusi duzu.
Bai, eta udalari eskatzen diodan bakarra aldaketa zaintzeko da, geldiezina baita. Ezin diozu inori esan ez etortzeko, baina pisu turistikoen kontua, esaterako, zaindu egin behar da. Bartzelonan egon naiz duela gutxi, eta Barceloneta jada ez da Katalunia, munduko jende pilaketa bat da. Ulertzen dut turismoa onuragarria izan daitekeela, baina zaindu egin behar da. Donostia gehiago aldatuko da, kondenatuta gaude. Europako leku onenetakoa da, turistentzat prezioak oso onak dira eta kalitate izugarria daukagu.
Politikariak ez dira hiria ondo zaintzen ari?
Horren inguruan hamaika iritzi daude. Nik uste dut normalean udala gauzak ondo egiten saiatzen dela, eta orain ondo gaudela. Garestia dela? Bai. Trafikoa dagoela? Joan hadi Bartzelonara edo Madrilera! Nik beti esaten dut herriak daukala hitza. Duela gutxi izan dira hauteskundeak eta ni pozik nago.
Trinitate plazan eman zenuen zure lehen kontzertua?
Ez, nire lehen kontzertua 1972an edo 1973an izan zen, Amarako frontoian, San Ignazio jaietan. Ni gitarra jotzen, goian grisak begira zeuden bitartean.
Baina Trinitate plazan kontzertu garrantzitsu bat eman zenuen.
Trinitate plazan kontzertu berezi bat eman nuen 1970eko hamarkadan, oso gaizki bukatu zena: polizia sartu zen… Garai hartan horrelakoak ziren gauzak. Nire beste kontzertu ezagun bat 1974an Principe antzokian eman nuena izan zen, gaur egun zinema den horretan. Han grabatu genuen gure lehen diskoa. Ikurrina debekatuta zegoen, baina ikurrinak agertu ziren agertokian, polizia kanpoan itxoiten… Izugarrizko esperientzia izan zen. Hemen gaude zuen izena disko hurak.
Nolakoa zen Francoren garaian abestea?
Agitazio politikoa zen. Nik argi neukan herriaren eta ezkutatuta zeuden politikarien ahotsa taula gainean jarri behar nuela. Agertokira igo, kantatu eta agitatu, hori zen gure helburua. Beti bukatzen genuen korrika, poliziarekin edo atxilotuta. Ondoren, 1978tik aurrera, politikariak legeztatuta zeudela ikusita, musika egitea erabaki genuen. Aldarrikapenak ere egiten genituen, baina beste era batera, musika gehiago zaintzen hasi ginen.
Inflexio puntu bat izan zen 1978a?
Nik argi neukan. Beti militantea izan naiz, Euskadiko Ezkerratik nator, eta gutxi gora behera leku berean mantendu naiz. Ez naiz politikaria, baina politika asko gustatzen zait eta beti egon naiz hor sartuta. Beste gauza bat da taularen gainean politikaz mintzatzea. 1978tik aurrera, politikariak alde batean zeuden eta musikariak bestean. Hausnarketa bat egin nuen garai hartan, eta erabaki nuen ez nuela ezer esateko inolako beldurrik izango, baina agertokiaren gainean musika landuko nuela, batez ere. Hitzak ere lantzen ditut, noski, baina ez dut mitin bat ematen.
Gazteak konprometituta daude?
Oxala! Garaiak aldatzen ari dira, eta gazteak oso momentu berezia bizitzen ari dira. Lana nola dagoen, etorkizuna nahiko beltza… Horregatik, uste dut balore eskalan lehenengo bizitza dagoela eta ondoren konpromiso politikoa. Gazteek beste ikuspegi bat dute, guk genuena baino lasaiagoa.
Nola ikusten duzu euskararen egoera gaur egun?
Uste dut ondo goazela. Gu hasi ginenean, ikastolak edozein lekutan ezkutatuta egiten genituen, orain jendeak txikitatik ikasteko aukera dauka. Bitxikeria gisa, Donostia inguruko herriak begiratzen hasten bazara, Lasarten euskara gutxi egiten da, Andoainen pixka bat gehiago, Errenterian gutxi, Pasaian gutxi eta Irunen gutxi. Zein da arrazoia? Udal guztiak PSOEren eskuetan egon direla. Hori nabaritzen da, bestela, joan Usurbilera, Oriora, Zumaiara, Getariara, Goierrira… Han askoz gehiago hitz egiten da. Euskararen alde lana egin behar da, eta borrokatzen jarraitu behar dugu. Azkenean, gure hizkuntza lehen planoan egotea lortuko dugu. Guk zutabeak jarri genituen, zuek ondo antolatutako etxe bat izateko. Orain zuek etxea mantendu behar duzue.
Noiz ikasi zenuen euskaraz?
24 edo 25 urterekin ikasi nuen. Dena utzi nuen, eta hiru hilabetez Berastegiko Ameri baserrira joan nintzen ikastera. Han azaldu nintzen gitarra batekin, eta baserritarrek arraro begiratzen ninduten, martetar bat nintzen Berastegin. Baina oso ondo joan zen, eta jende hura barruan daramat.
Frankismo garaian abesten zenueneko bitxikeria asko izango dituzu.
Hamaika daude, asko ahaztuta. Behin, antzoki batean, eszenatokira atera baino lehen, tipo bat etorri zitzaidan gutun batekin, “hau utzi dute zuretzat”, esanez. Gutuna ireki eta “Batallon Vasco Español gara, bonba bat botako dizugu palko batetik zure musikariak hiltzeko, subertsibo kabroia”, jartzen zuen.
Beste behin, nire ordezkariak etorri zitzaizkidan esanez eszenatokira ez ateratzeko, Brigada Politiko-sozialeko bi polizia zeudelako nire kamerinoan. “Nola dakizu Brigada Politiko-sozialekoak direla?”, galdetu nion, eta “sareta zapatak dituztelako, horiek Madriletik etorri dira!”, esan zidan. Antzoki hartako atzeko ate batetik atera nintzen, auto batek jaso eta San Telmo aldera eraman ninduen. Handik, sagardotegi batera joan nintzen ezkutatzera.
Donostiako giroa asko aldatu da?
Donostiarrak berdinak gara. Gaztelaniaz esaten den moduan, Kontxak ura duen bitartean eta tamarindoak berdeak dauden bitartean, hemen ez dago arazorik [barrez]. Uste dut munduko herri burgesena garela. Baina bizitzeko herri onena da. Nik mundu guztia ezagutzen dut, eta ez dago Donostia bezalakorik.
Nolakoa izan zen Telesforo Monzonekin Yeu uhartera joatea?
Hori agitazioa eta mugimendu politikoa izan zen. Garai hartan, gobernu frantsesak ETAko kide batzuk Bretainiako kostatik 30 miliatara dagoen Yeu uhartera bidali zituen. Telesforok esan zidan beraien aldeko mugimendu bat egin behar genuela, eta hara joan ginen. Argala zegoen han, eta handik gutxira hil zuten. Han egon ginen abesten eta militantzian. Hura militantzia purua zen.
Ez Dok Amairu belaunaldiaren ondorengoa zara. Nola ikusten dituzu garai hartako artistak?
Ez nuen harreman asko izan Ez Dok Amairu belaunaldiko abeslariekin. Ezagutu bai, eta Xabier Leterekin abestu nuen, baina ez geunden unibertso berean. Mugimendu hura oso interesgarria izan zen, baina gu beste era batera sortu ginen. Ez Dok Amairu mugimendu abertzale nazionalista zen, eta gu ideologia aldetik ezkertiarragoak ginen. Beraz, belaunaldi talka bat zegoen.
Zer daukazu orain esku artean?
Disko bat atera dut Bilboko bandarekin. Bandak asko gustatzen zaizkit, eta pentsatu nuen, ‘zergatik ez egin nire abestiak bandarekin?’. Nire errepertoriotik hogei abesti aukeratu nituen, Iñaki Urkizu Bilboko bandako zuzendariarekin moldaketak egin nituen eta 1.200 partitura atera ziren hortik. Esperientzia izugarria da bandarekin jotzea. Nire piano-jotzaile Javier Perez Azpeitiarekin, baxu-jotzaile batekin eta hirurogei musikarekin jotzen dut beti.
Beraz, aktiboan jarraitzen duzu.
Bai, baina oso lasai. Beti esaten dut artistak eszenatokian hiltzen direla hiltzeko leku hoberik ez dutenean. Lasai bizitzea gustatzen zait, nire kuadrillarekin, lagunekin. Beti behetik egin dut hegan, hau da, Josean pertsona bat da eta Urko beste bat. Kezkatuta gelditu nintzen auzoko lagunak Urko deitzen hasi zitzaizkidanean. Bestalde, artistok ez dugu herriarekin kontaktua galdu behar, gure mamia hor baitago.
Gomendatuko zenuke Donostiako musikariren bat?
Xabi San Sebastian asko gustatzen zait, eta oso pertsona ona iruditzen zait. Urko Menaia ere oso gustuko dut. Gainera, behin, berarentzat zen sari bat niri eman zidaten [barreak]. Artista gazteek beraien sormena jarri behar dute eszenatokian, kopia ez baita inoiz originala bezalakoa.
HAMABIETAN BERMUTA: Muztioa eta gilda.
Non. La Sebastiana taberna. Madril hiribidea, 3 (Amara Berri).
Prezioa. 3,10 euro.