Euskaraldi berriaren proba pilotua egingo dute Intxaurrondon
Euskararen erabilera sustatzeko esperimentu soziala 2020an errepikatuko dute, hamabost egunetan zehar. Hainbat berritasun izango dituenez, lehenik simulakroak egingo dituzte Euskal Herriko hiru puntutan.
Iaz antolaturiko Euskaraldiaren arrakasta zabala ikusita, esperimentu soziolinguistikoaren antolatzaileek hura errepikatzeko asmoa zutela iragarri zuten joan den otsailean. Guztira, 225.000 lagunek hartu zuten parte egitasmoan, eta horietatik 17.659 donostiarrak izan ziren. Aurten, ordea, zifra horiek gainditu eta herritarren konpromiso mailan sakontzeko helburua finkatu dute, eta orain arteko ahobizi eta belarriprest rolak mantenduz, osagai berri bat gehitu dute hori lortzeko: arigunea.
Berritasun hori martxan jartzeko, ordea, Euskaraldiaren antolatzaileek ezinbestekotzat jo dute lehenik proba pilotu bat egitea, eta Euskal Herriko hiru puntu aukeratu dituzte simulakro moduko bat egiteko: Arabako lautada, Intxaurrondo auzoa eta Bizkaiko enpresa bat. Eremu bakoitzak bere tamaina dauka, eta probak egitasmoaren bideragarritasuna hainbat neurritan frogatzeko balioko du.
Norbanakotik taldera
2018an, Euskaraldiaren ariketa norbanakoetan oinarritu zen, baina datorren urtean taldeetara eta entitateetara ere luzatuko da. Ariguneak, entitate horien barruan Euskaraldiaren dinamika hartuko duten espazioak izango dira, eta horietan beharrezkoa izango da taldekide guztiek euskara ulertzea.
Guneek bi modutara jardun dezakete, barnera begira edo kanpora begira, eta bere kideek erabakiko dute zein dinamika jarraituko duten, ahobiziarena edo belarriprestarena.
Gastronomia elkarte baten batzordeak, adibidez, barne funtzionamendu bat adostu ahal izango du, kide guztiei ahobizi gisa jarduteko konpromisoa eskatuko diena. Supermerkatu batek, berriz, kanpora begirako dinamika bat hartu dezake, eta, esaterako, hamabost egunetan zehar belarriprest gisa jardungo duen kutxa bat finkatu ahal izango du.
Antolatzaileen ustetan, taldean euskaraz jarduteko dinamika bat onartzeak are gehiago bermatuko du Euskaraldian zehar herritarrek hartutako ohituren jarraitutasuna.
Konpromiso handiko auzoa
Euskaraldiaren proba piloturako Intxaurrondo auzoa aukeratu izana ez da kasualitatea. Izan ere, auzotarrek euskararen erabilerari loturiko hainbat egitasmo garatu zituzten iazko esperimentuaren aurretik. 2017ko Korrikaren bueltan, auzoan 20 orduz euskaraz jarduteko erronka ezarri zuten, eta esperientzia horretan oinarrituta, Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon egitasmoa egin zuten zenbait hilabetera.
Orain, berriz, Intxaurrondok euskara indartzeko duen konpromisoa omendu nahi izan du 2020ko Euskaraldiak, eta azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitarte luzatuko den simulakroan parte hartzeko gonbita luzatu die auzoko hainbat entitate publiko eta pribatuei.