Hiriko bi kantoi historikoren agurra
37 urteren ostean, Bulebarreko itsaskitegia itxi egin zuten igandean, eta aurrez aurre duen Ciprian ehun-gai dendak hilabete amaieran egingo du bere azken salmenta, 114 urteko historia amaituz. Langileen erretiroak, errelebo faltak eta, bereziki, komertzio txikiak bizi duen egoera latzak eragin dute hiriko kantoi historiko hauen galera.
Bezeroak etengabe sartu eta ateratzen dira izkina batetik zein bestetik, haurrak zirenetik ezagutu dituzten saltokiak egun gutxira desagertuko direla badakitelako. Bulebarreko Itsaskitegia eta Ciprian ehun-gai denda Donostiako komertzio txikiaren galeraren azken bi adibideak dira. Lehenak igandean jaitsi zuen pertsiana azken aldiz, eta bigarrena, berriz, uztailaren 27an desagertuko da betiko.
Kalitatezko zerbitzu bat baino gehiago da saltoki hauekin batera galduko dena. 37 eta 114 urteko historiak dituzte hurrenez hurren, eta bere borroka ia guztiz galdua duen merkataritza eredu baten ordezkariak dira.
“Jendeak ez du ezer jakin nahi komertzio txikiari buruz. Gaur egun badira boligrafo bat Internet bidez erosteko gai direnak, saltoki txikiak desagertzen ari diren bitartean”, Enrique Molinero, Ciprian dendako jabea.
“Pozik gaude, hainbeste urteren ostean erretiroa merezi dugulako, baina egia da erreleboa inork hartu ez izanak pena pixka bat ematen digula. Zoritxarrez, hori da egungo egoera”, Espe eta Rafa, Boulevard Itsaskitegiko langileak.
Bi kasuetan, langileen erretiroak ekarri du komertzioaren itxiera. Itsaskitegiari dagokionez, Espek eta Rafak kudeatu dute negozioa azken hiru hamarkadetan zehar eta, ekainetik aurrera, merezitako erretiroaz gozatzea tokatzen zaiela azaldu dute pozik. Hala ere, haien urteetako lanari erreleboa emateko prest dagoen inor agertu ez izanak pena ematen diela aitortu dute, eta lokala beraiena ez denez, kantoiaz zer izango den ere ez dakite.
Antzeko egoera bizi dute Ciprian dendan. Enrique Molinerok, saltokiaren kudeatzaileak, 50 urte daramatza hor lanean, eta azken bostak arduradun gisa egin ditu. Ciprian familiak negozioa utzi zuenean, erretiroa hartu arte dendarekin jarraitzeko aukera eskaini zioten jabeek, eta horien esku egongo da orain lokalaren etorkizuna.
Molinerok ez daki zer gertatuko den mende batez ehun-gaiak saltzen historia egin duen kantoiarekin, baina ziur daki hor oso bestelako zerbait topatuko duela hemendik denbora gutxira: “Ez dut uste hemen komertzio txiki batek jarraituko duenik, Interneten eta saltoki handien eraginaren ondorioz, hori ia ezinezkoa delako. Espero dut oker egotea, baina esango nuke hemendik hamar urtera Donostian ez dela komertzio txikirik existituko”.
65 urte bete berri, Molinerok ere lan egiteari utziko dio: “Erretiroa une egokian iritsi zait. Izan ere, orain 55 urte izango banitu, negozioarekin ez jarraitzea planteatu beharko nuke, saltzaile txikiarentzat egoera oso txarra delako”.
Zorionez, agurrak aho zapore onarekin utziko ditu bi saltokietako langileak, azken egunotan bezeroak oso gertu izan dituztelako. Ciprianen, esaterako, dendan zituzten produktuen %80 saldu dute hamar eguneko epean, eta “zoramen” gisa definitu duten egoera hau hilaren 27ra arte luzatuko dela aurreikusten dute. Itsaskitegian, berriz, hainbat eta hainbat izan dira igandera arte azken agurra ematera joan zaizkien bezero eta lagunak. Esan ohi den modura, galtzen dugun arte, ez dakigu zer dugun.