Hondartzen eta uhartearen artean
Udako Kontxako badiako elementu ohikoenak dira gabarroiak, eta ez dago Kontxatik edo Ondarretatik haietaraino igerian inoiz joan ez den donostiarrik. Urteekin asko aldatu dira, eta gaur egun aisialdirako guneak badira ere, ez da beti horrela izan.
1920ko hamarkadako gabarroi bat Kontxako badian. (Argazkia: Pascual Marin/Kutxateka) Itsasoarekin zerikusia zuten tratamendu terapeutikoak modan jarri ziren XX. mendearen hasieran, eta ohikoa zen gaitz jakin batzuk sendatzeko medikuek gomendatzea itsasoan bainu bat hartzea. Hori izan zen 1920ko hamarkadaren bukaeran Donostiako Udalak Kontxako hondartzan historiako lehen gabarroiak jartzeko erabakia hartzeko arrazoi nagusia. 18 metroko luzera eta 6 metroko zabalera zuten egurrezko plataformak ziren garai hartako gabarroiak. Helburu terapeutikoak izateaz gain, argazkian ikusten den moduan, emakumeek soilik erabili zitzaketen, itsasoarekin lotutako tratamenduak batez ere emakumeei errezetatzen baizizkieten.
Pixkanaka, aisialdirako gune bihurtzen joan ziren gabarroiak, eta igeri egiten ikasteko lekuak ere izan ziren. Izan ere, Donostiako Klub Nautikoaren lehen instalazioak Kontxako gabarroi handi batean egon ziren 1986ra arte.
Gabarroi ezagunena, Francisco Yoldi igerilari ospetsuak 1940ko hamarkadan Kontxako badian ezarritakoa izan zen, erdian igerileku bat zuena. ‘Yoldiren baltsa’ gisa ezaguna, igerilariak berak han entrenatzeaz gain, hainbat belaunalditako donostiarrek gabarroi hartan ikasi zuten igerian. 1970eko hamarkadaren erdialdean, ordea, denborale batek Yoldiren gabarroia Loretopearen kontra bota zuen, txikituta utziz.
Ordutik, plastikozkoak dira badian jartzen dituzten sei gabarroiak, hondartzetatik 200 bat metrora kokatuak. Aisialdirako erabiltzen dituzte donostiarrek udan. Hau irakurrita, askogabarroietako tranpolinetatik salto egiteko irrikaz egongo dira.


