Mikel Ayerbe Ramon Saizarbitoriarekin solasean
Mende erdi pasa da Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (Lur, 1969) eleberria argitaratu zenetik. Urte osoan zehar luzatzen ari den egitaraua prestatu dute Donostia Kulturak eta Beñat Sarasola ikertzaileak. Apirilean liburua berrargitaratu zuen Ereinek eta atzo Saizarbitoria elkarrizketatu zuen Mikel Ayerbe ikertzaile eta irakasleak EHUren Udako Ikastaroen baitan. Berrogei bat entzule gerturatu ziren Miramar Jauregiko aretora idazlea eta ikertzailea liburu mugarriaren inguruan solasean aditzera. 50 urte ez dira alferrik igarotzen eta Egunero hasten delako, mantentzen duen gaurkotasuna gorabehera, liburua sortu zen garaian kokatzeko ahalegina egin zuten Ayerbek eta Saizarbitoriak.
Dolu eguna Mutrikun
Ayerberen lehen galdera liburuaren genesiari buruzkoa izan zen: ea zerk bultzatu zuen, zehazki, liburu hori idaztera. Idaztera giroak bultzatu zuela esan zuen Saizarbitoriak, azpigarapenaren ondorioz dena egiteko zegoela, eta garaiari erantzungo zion nobela moderno bat idazteak ez zirudiela zaila. Egiteke zegoen hori egin egin behar zen, ordea, eta militantismoz ekin zion, nahiz eta lehenagotik ere literatura atsegin eta idazteko joera izan.
Gaiari dagokionez haurra zeneko pasadizo bat ekarri zuen gogora Saizarbitoriak. Uda batez Mutrikura iritsi zen eta isilik topatu zuen herria: dolu eguna zen. Entzun omen zuen esaten neska batek bere buruaz beste egin zuela haurdun zegoelako. Ulertezina egin zitzaion egoera, nahiz eta apenas ulertzen zuen zer zen haurdun egotea ere. Gerora, gaztelaniazko literaturan oso presente topatu zuen abortuaren gaia. 1962an argitaratutako Luis Martin-Santosen Tiempo de silencio nobela aipatu Saizarbitoriak.
Suitzara heldutakoan hemen hil ala bizikoa zena konpon zitekeen zerbait zela ikusi zuen. Abortuaren aukera gauza tragiko baten moduan azaldu beharrean gauza normaltzat azaldu nahiak bultzatu zuen gaiaz idaztera.
Lagunentzat idatzia
Friburgon (Suitzan) ikasten ari zela idatzi zuen, beraz, Egunero hasten delako Ramon Saizarbitoriak, eta Mikel Ayerbek atzo aipatu zuenez, jatorrizko eskuizkribuan 1968ko apirilean zehar hamabost egunetan idatzi zuela aitortzen zuen. Idazten ari zela argitaratzearen ondorioez pentsatu ote zuen galdetu zion Ayerbek Saizarbitoriari, batez ere garaiko zentsurari, estatu frankistarenari eta gizartearenari, zegokionez. Idatzi artean, ordea, Saizarbitoriak ez zerabilen argitaratzeko asmorik buruan, lagunei pasatzeko idatzi zuen, lagunek haiei gustatzen zitzaiela esatea zen bere helburu nagusia. Are gehiago, Ibon Sarasolarentzat idazten zuela gaineratu zuen, entzuleen artean zegoen lagunari erreferentzia eginez. Liburu amaituaren eskuizkribu bakarra Sarasolari igorri zion eta hari esker argitaratu zuen liburua, hark bultzatuta. Gure historiak behar duen lehen nobela modernoa asmo horrekin jaio ez zela eman zuen aditzera Saizarbitoriak.
Zentsura
Saizarbitoriaren arabera, euskaldun kristau tradizionalistek esango zutenari erreparo handiagoa zioten garai hartan zentsura frankistari baino. Dena dela, zentsuraren onespena argitaratu aurretik lortzeko ahalegina egin zuten, Equipo Editorial argitaletxean ezagututako porrota saiheste aldera. Gabriel Arestiren lagun Antonio Arruerengana jo zuten eta honen onespenarekin gerora Donostiako alkate izango zen Felipe Ugarte de Lambert ordezkari frankistak eman zien argitaratzeko baimena. Kurioski, 1973an Joan Borboikoari erositako Miramar Jauregian mintzatu ziren Ugarte de Lambertek emandako zentsura-baimenari buruz. Ayerbek liburuaren zentsura-fitxa ere erakutsi zuen, Alcalako artxibotik ateratakoa.