Parte Zaharra eta Kontxa inguruko hainbat gune itxiko dituzte Woody Allenen filmatze lanak direla eta
AEBetako zinemagilea hurrengo asteazkenean hasiko da filmatzen, eta abuztuaren 20a arte luzatuko da. Bulebarrean, Parte Zaharrean eta Cervantes plazan ariko dira lehen egunean.
Woody Allenen hurrengo pelikularen filmatze lanek eragina izango dute Donostiako erdiguneko kaleetan. Uztailaren 10ean hasiko dira grabatzen, eta abuztuaren 20a bitarte Donostian zein Gipuzkoako beste leku batzuetan ariko dira lanean. Bulebarrean, Parte Zaharrean eta Kontxa inguruan (Cervantes plazan) ibiliko dira ekoizpen eta arte taldeak. Filmatzearen une jakin batzuetan ezin izango da kale horietan ibili. Dena den, Donostiako Udalak esan du bizilagun, merkatari, ostalari eta ezinbesteak gune horietan sartu behar duen oro mugitu ahal izango dela gune hauetan, han egongo diren udal langile eta teknikarien jarraibideei kasu eginez.
Donostiako Udalak jada zehaztu du nolako eragina izango duen grabazioak lehen egunean, uztailaren 10ean. Eragin handiena Bulebarrean izango du, zirkulazioa erabat itxiko beharko dute-eta 17:00etatik 20:00etara (Bulebarra eta Legazpi kalea elkartzen diren gunetik aurrera). Egun osoan zehar autobusek ezingo dute Bulebarrean geldialdirik egin –soilik 13. lineak, Altzara doan autobusak–, ezta aparkatu ere. Autobus hauek inguruko kaleetara eramango dituzte. Dbus konpainiak aldaketen berri eman du bere webgunean. Bestalde, udaletxetik gertu dagoen taxi geltokia ere itxita egongo da. Aparkalekuan ez du eraginik izango, eta ibilgailuak ohi bezala sartu eta irten ahal izango dira.
Portuko eta Mari kaleko bizilagunak euren etxeetara sartu ahal izango dira, bertan egongo diren teknikarien argibideak jarraituz. Gainerako grabazio guneetan hainbat aldizkako mozketak izango dira.
Donostiako Udalak eta Mediapro Studios ekoiztetxeak informazioa emango dute unean-unean. Udalak esan du hurrengo egunetan afekzioak “neurtuagoak” izango direla, eta aldez aurretik jakinaraziko duela espazio publikoetako ohiko erabileran izan dezaketen eraginaz.