Zaharberritutako film klasikoak Tabakaleran
Bihartik aurrera eta abuztuaren 30a arte zaharberritutako hamahiru film klasiko ikusi ahal izango dira Tabakalarean. 20. hamarkadatik 80. hamarkadara bitartean ekoitzitako film hauekin zinemaren historia iraunkorra aztertu nahi du Fokoak zikloak, azken aldian Tabakaleran gauzatzen ari diren beste hainbat proiekturekin sintonian.
Donostia Zinemaldiak orain bi urte abiatu zuen Klasikoak saila, film ezagunen kopia zaharberrituak eskaintzen dituena; ia bi hamarkadaz Nosferatu zikloak zinemaren historiako mugarriak eta haien egileen lanak erakutsi ditu; berriki, Cineteca Bolognak zaharberritutako Buster Keatonen filmak ikusteko aukera eman du Euskadiko Filmategiak. Lan-ildo hori aberastera datoz udan zehar ikusi ahal izango diren filmak.
Orain gutxi zaharberritu eta hainbat festibaletan berriro estreinatutako filmek osatzen dute egitaraua. Zikloa abiatzeko Robert Reiner-en Opium (1919) emango dute bihar, larunbata, iluntzeko 19:00etan. Uztailean eta abuztuan zehar proiektatuko dituzte, besteak beste, Jean Vigo-ren L’Atalante (1934), Nicole Verdres-en Paris 1900 (1947), Alfred Hitchcock-en Vertigo (1958), Toshio Matsumoto-ren Bara no sôretsu (1969), Marta Meszaros-en Örökbefogadás (1975) eta, amaitzeko, David Lynch-en Blue Velvet (1986).
Tabakalerako Zineman izango dira proiekzio guztiak, iluntzeko 19:00etan. Tabakaleraren webgunean ikus daiteke bi zikloaren egitarau osoa eta informazio gehigarria.