Manifestazio batekin amaitu dute euren kanpaldia adinekoen egoitzetako langileek
Larunbatean, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek Parte Zaharrean zehar eginiko manifestazio batekin eman zioten amaiera ostegunetik Bulebarrean egiten ari ziren kanpaldiari. Zaintzaileak zainduz, bizitza zaindu! lelopean, langileen lan baldintza hobeak eskatzeko egin zuten protesta.
Guztira 84 egun daramatzate greban, eta uztailaren 12ra arte horretan jarraituko dutela iragarri dute. Sektoreak 5.000 langile inguru ditu lurraldean, eta gehien bat emakumeez dago osatua.
Langileen aldarria ELA sindikatuak Adegi eta Matia patronalarekin lortutako akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzea da. Horren bitartez, langileen arteko soldata arrakala murriztu nahi dute, eta baita lan baldintzen zein zerbitzuaren kalitatea hobetu ere.