Marian Moreno izendatu dute Martuteneko espetxeko zuzendari berria
Kargu berriaz jabetu da gaur Marian Moreno, eta hemendik aurrera, Martuteneko espetxeko zuzendari berria izango da. Francisco Javier Garcia Bedoyari hartu dio erreleboa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak jakinarazi duenez, EAEko espetxe baten ardura izango duen lehen emakumea da Moreno.
Martuteneko espetxeko Tratamendu-zuzendariordea izan da orain arte Moreno, eta Psikologian lizentziaduna da. 1994. urtean hasi zen Espainiako Espetxe Erakundean, eta ibilbide luzea egin du Martuteneko espetxean; han psikologo aritu da, baita Erregimeneko zuzendariorde karguan ere. Garcia Bedoya, aldiz, 2008an hasi zen zuzendari gisa, eta orain, El Duesoko (Kantabria) espetxeko zuzendari karguaz jabetuko da.