Udako lehen San Telmo Gaua egingo dute larunbatean, "Hello, Robot" erakusketan oinarrituta
San Telmo museoak udako lehen San Telmo Gaua egingo du larunbatean, Hello, Robot. Diseinua gizakiaren eta makinaren artean izeneko erakusketa oinarri gisa hartuta. 20:30etik 00:00etara, erakusketa-gela, museoko eliza eta klaustroa irekita egongo dira, taberna zerbitzuarekin.
Erakusketak robotikak gaur egun hartzen dituen askotariko moldeak erakusten ditu, eta bere inguruan sortzen diren arazo etiko, sozial eta politikoen bueltako hausnarketa egitea du helburu. 200 pieza inguruk osatzen dute: etxean, zaintza lanetan eta industrian erabiltzen diren robotak gehienak.
Horrez gain, musikak leku berezia izango du larunbateko ekitaldian, izan ere, Jonathan Garciak Tunipaneak izeneko bere azken obra aurkeztuko du museoan. Erakusketarekin lotura zuzena duen musika robotiko saioa izango da, eta elizako espazio zentralerako diseinatua egoteaz gain, mekanismo elektromekaniko batek interpretatuko du.
Ekitaldirako sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.