EH Bilduk ohartarazi du Arte Ederretako sabaia eraistea ahalbidetu dezakeela udal gobernuak
Arte Ederretako eraikinaren etorkizunaren inguruko galdera batzuk erregistratu ditu udaletxean EH Bilduren udal taldeak. Datorren asteleheneko Hirigintza batzordean aztertuko dira. EH Bilduk ohartarazi du udalak ez diola erantzunik eman SADE enpresak Arte Ederren inguruan egindako lizentzia eskaerari. Apirila bukaeran arriskuan dauden elementuak botatzeko eskatu zuen eraikinaren jabeak.
Maiatzaren 10an Garapen eta Hiri Antolamenduaren premiazko batzorde bat egitea eskatu zuen EH Bilduk, lizentzia eskaeraren inguruko azalpenak eskatzeko Hirigintza zinegotziari. Ez zuten erantzunik jaso, baina Hirigintza saila lizentzia tramitatzen ari zela identifikatu zuten.
Udalak eskaerari erantzunik eman ez dionez, isiltasun administratiboaren bidez enpresa jabeak lizentzia eskuratu dezakeela nabarmendu du EH Bilduk. Ancora elkarteak ere gauza bera adierazi zuen maiatza hasieran. Isiltasun administratiboari esker SADEk legalki eraitsi ahal izango luke sabaia hilaren 25etik aurrera –eskaeratik hiru hilabeteko epea ezartzen da–.
Bestalde, Arte Ederren eraikinaren inguruan ICOMOS Monumentuen eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluak emandako abisua ere egoeraren larritasunaren seinale bat dela dio EH Bilduk, eta Hirigintza zinegotziari horren inguruan ere galdegingo diote batzordean.