"Woody Allenen harrerara ez joateko EH Bilduren aukera eta iritzia errespetatzen dut, baina ez dut partekatzen"
Goizeko Tokiko Gobernu Batzordearen ondorengo prentsaurrekoan, atzo EH Bilduk egindako adierazpenaren inguruan hitz egin du Eneko Goia alkateak.
Udalak Woody Alleni egingo dion harrerara joango ez dela esan zuen koalizio abertzaleak, eta Goiak euren “aukera eta iritzia errespetatu” egiten duela adierazi du, baina ez duela partekatzen: “Nik oraindik errugabetasun presuntzioan sinisten dut. Dakidana da Woody Allen zinema zuzendari errekonozitu bat dela, Donostia saria duena eta Zinemaldiarekin harreman estua duena”.
Berari “izaera artistikoa” inporta zaiola gaineratu du, eta hirira etortzen diren beste hainbat pertsona eta eragilerekin egiten duten moduan, Alleni ere harrera egingo diotela. Abuztuaren 20ra arte arituko da zinemagile estatubatuarra Donostian grabatzen.